Larrabetzun bost urtez egin ondoren, 2014an Zarautzera lekualdatu zen Literaturia jaialdia. Tradizioz euskal literaturarekin lotura zuzena duela Zarautzek nabarmendu zuten estreinako aurkezpen hartan, eta herriak euskarazko literaturaren plaza hartzeko baldintzak betetzen zituela. Lehen aldi hura maiatzaren 29tik ekainaren 1era ospatu zen, eta Gabriel Arestiren Harri eta herri poesia liburua izan zuten ardatz; Zarauzko Itxaropena argitaletxeak argitaratu zuela 60 urte bete dira aurten, maiatzaren 22a alegia.
Hori horrela, Karmelo Landak Arestiren maisulanari buruzko hitzaldia eta errezitaldia eman zuen Yubio tabernan, eta Gabrielen lekua sentikaria ere taularatu zuten Modelo aretoan. Gainerakoan, hainbat ekitaldi antolatu zituzten herriko hainbat tokitan: Litera-Tourra Musika Plazan, Bada Teatroaren eskutik; Etxepare Rap Modelon, Imanol Epeldek eskainita; Bide Ertzean, Xabier Montoia eta Pettiren emanaldiak; Yosena Peñaren Hodeien adorea lana oinarri zuen bertso-nobela, Marina Txikin...
Ohiko moduan, liburu azoka izan zen, eta hamabi argitaletxek hartu zuten parte. Era berean, udaberrian euskaraz argitaratutako edo euskarara itzulitako hogei liburu aurkeztu zituzten kalean edo Garoa liburu dendan.