Zarauzko eskubaloiak zer esan handia eman du azken asteburuan; izan ere, Amenabarren igoeraz harago, herriko klubean hazitako emakume profesionalek ere meritu handiko lorpenak izan dituzte. Alba Menendez Bera Berako kapitaina Guerreras Iberdrola Ligako finalera sailkatu da bere klubarekin, eta, Andrea Zalduak eta Izei Permachek liga horretara igotzea lortu dute Barakaldoko (Bizkaia) Zuazo taldearekin.
Azkenengoei lotuta, iaz jaitsi ziren Guerreras Iberdrola Ligatik eta Urrezko Ohorezko Mailan hirugarren sailkatu ondoren, Lanzaroten (Kanariar Uharteak, Espainia) jokatutako igoera fasea irabazi dute asteburuan. Partida guztiak irabazita gailendu dira, eta Permach izan da taldeko golegile nagusietako bat hiru partidetan 11 sartuta. Zalduari lotuta, bestalde, ia denboraldi osoa igaro du lesionatuta, eta klubak hilaren hasieran jakinarazi zuen ez diola kontratua berrituko. Ondorioz, utzi egingo du taldea behin denboraldia amaituta.
Menendezek, bere aldetik, datorren astean jokatuko du Guerreras Iberdrola Ligako finala Alacanteko (Herrialde Katalanak) Elxen aurka, bi partidatara. Joanekoa maiatzaren 29an, asteazkena, jokatuko dute, Donostian, eta itzulikoa ekainaren 1ean, larunbata, Elxen. Liga hirugarren postuan amaitu ondoren, final laurdenetan Valladolid eta finalerdietan Malaga kanporatu ditu Donostiako taldeak finalera iristeko. Horrez gain, hilaren 10etik 12ra Gipuzkoako hiriburuan jokatutako Erreginaren Kopa irabazi zuen Bera Berak, eta, Menendez izan zen, hain justu, garaikurra altxa zuena.
