Herriko bost bertsolari sailkatu dira Gipuzkoa Bertsotanen bigarren itzulirako

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 18a, 13:45

Aner Peritzek Idiazabalen abestu zuen lehen itzuian eta saioa irabazi zuen. (GBE)

Aner Peritz, Julen Zulaika, Beñat Jauregi, Oier Aizpurua eta Uxue Alkorta dira aurrera egin dutenak. Datorren astean hasiko da bigarren itzulia.

Atzo bukatu zen, Oñatiko saioarekin, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasearen lehen itzulia. 73 bertsolari lehiatu dira –38 A multzoan eta 35 B multzoan– Gipuzkoa Bertsotanen lehen itzuliko hamabi saioetan, eta horietatik 48 –25 A multzotik eta 23 B multzotik– sailkatu dira bigarren itzulirako. Datorren astean hasiko den bigarren faseko zortzi saioetan lehiatuko dira berriro lehen itzulia gainditu dutenak, eta 48tik 34k lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela.

Bada, bigarren itzuli horretara sailkatu diren bertsolarietatik bost zarauztarrak dira: Aner Peritz, Julen Zulaika, Beñat Jauregi, Oier Aizpurua eta Uxue Alkorta. Aimar Sorazuk, Ane Peñagarikanok eta Markel Eizagirrek, kontrara, ezin izan dute aurrera egin. Azken horietatik, lehenengoa, Sorazu, gutxigatik ez da B multzoko bigarren itzulira sailkatu. Atzo abestu zuen, eta puntu erdigatik geratu da kanpoan. Herrikide batek lortu du B multzoko azken txartel hori, hain justu, Uxue Alkortak.

Bigarren itzuliari begira, sailkatzea lortu duten bertsolariek lehenengo itzulian bildu zituzten puntuek garrantzia handia izango dute; izan ere, bi saioetako batura egingo dute antolatzaileek sailkapena osatzeko. 34 onenak soilik lehiatuko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Honako hauek dira sailkapen faseko bigarren itzulira bertsolari zarauztarrek lehenengoan lortu dituzten puntuak:

  • Aner Peritz (332)
  • Julen Zulaika (316,5)
  • Beñat Jauregi (311)
  • Oier Aizpurua (304)
  • Uxue Alkorta (294)

Bigarren itzuliko saioak

Datozen bi asteburuetan, maiatzeko azkenengoan eta ekaineko lehendabizikoan, jokatuko dituzte Gipuzkoa Bertsotanen bigarren itzuliko zortzi saioak.

Maiatzaren 25ean Antzuolan eta Pasaian egingo dituzte saioak, baina herriko bertsolaririk ez da izango horietan. Maiatzaren 26an Alegian eta Usurbilen egingo dituzte eta Aizpuruak eta Alkortak bigarrenean parte hartuko dute. Ekainaren 1ean, Peritz eta Zulaika Ataunen arituko dira eta Elgetan Jauregi. Ekainaren 2an, azkenik, Hernanin eta Soraluzen egingo dituzte saioak, Zarauzko ordezkaririk gabe horiek ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide