Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, azken egunetako itsas denboraleak beste zulo bat eragin du kostaldeko N-634 errepidean, Getaria eta Zumaia artean oraingoan. Azaldu duenez, kalteek kostaldeko horman izan dute eragina hamabi metroko luzeran eta hormigoizko harlangaitzezko estalduran ere bai 22 metroko luzeran. Halaber, zehaztu du zuloa itsasora ematen duen erreian sortu dela eta hamar bat metroko sakonera duela, eta, ondorioz, itxi egin duela. Semaforoz arautuko dute ibilgailuei txandaka bide emateko.
Bide Azpiegituretako departamentuak argitu du, era berean, konponketa lanek iraun bitartean izango dela Getariatik Zumaiarako noranzkoan doan erreia itxita. Bada, lan horiei lotuta, hain justu, zehaztu du hiru metroko altuerako kostako horma berreraiki behar dutela eta harri-lubetazko harriarekin eta hormigoiarekin nahastuta egingo dutela. Behin horma berreraikitakoan hormigoizko harlangaitzezko harrizko estaldura jarriko dute haren gainean, zazpi metroko luzera duen ezponda inklinatu batean. Estaldura errepideko babes-hesiraino iritsiko dela ere zehaztu du Aldundiak.
Zarautz eta Getaria artean, bestalde, itxita jarraituko du N-634 errepideak. Nolanahi ere, Aldundiak zehaztu du buru-belarri lanean ari direla bertan ahal bezain laster errei bat zabaltzeko. Zentzu horretan, adierazi du, lehentasunezkoa puntu horretan trafikoa berrezartzea, baina hori egiteko aurrez eremua segurua dela bermatu behar dutela eta ordura arte itxita egongo dela errepidea. Konponketa lanak egin behar dituzte bertan ere.