Martxoaren 10ean, Talai Berri txakolindegiak antolatuta, bosgarrenez jokatuko dute Mahasti Krosa, eta oraindik ere izena eman daiteke han parte hartzeko. Ohi bezala, herrikrosa.eus webgunean egin daiteke inskripzioa, hamabi euro ordainduta, eta dortsalik geratuz gero, egunean bertan ere eskuratu ahal izango da lasterketaren abiapuntuan, ordu erdi lehenago, hamabost euroan. Dena dela, gogora ekarri behar da proba horrek ere parte hartze muga duela, eta gehienez ere ehun lagun onartzen dituela. Momentuz, 55 lagunentzako lekua geratzen da [atzoko datua].
Txakolindegiaren aurrean hasi eta bukatuko da lasterketa, eta korrikalariek 7,2 kilometroko distantzia osatuko dute Talaimendiko parajeetan eta Talai Berriko mahastietan barrena. Proba 10:30ean hasiko da, eta azken edizioko ibilbide bera izango du.
Sari banaketa eguerdian egingo dute, eta kategoria bakoitzeko –emakumezko nahiz gizonezkoen maila– lehen hiru sailkatuentzat izango dira sariak: garaileentzat, txapela, Manu Urbietaren eskultura eta irabazlearen pisua adina Talai Berri txakolin botila; bigarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadroa eta sei botilako Talai Berri txakolin kaxa; eta hirugarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadroa eta hiru botilako Talai Berri txakolin kaxa. Bestalde, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinatutako kamiseta eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko dizkiete.