Ia 600 bikote aritu dira korrika herriko kaleetan

Urtzi Oteiza eta Onintza Lete Arrieta 2023ko abenduaren 4a

Bertakoez gain, inguruko herrietatik etorritako kirolari askok hartu dute parte lasterketa mistoan, baita Bizkaitik ere. Hain justu, bertakoak dira proba bigarrenez irabazi duten Jon Unzueta eta Judith Otazua.

Gustura aritu ziren atzo Zarauzko Bikote Mistoen Kroseko 44. edizioko parte hartzaileak. Ia 1.200 izan ziren 7,8 kilometroko ibilbidea amaitu zutenak eta animorik ere ez zitzaien falta izan, eguraldia lagun jende asko bertaratu baitzen kirol erakustaldia bertatik bertara jarraitzeko. Jon Unzueta eta Judith Otazua izan ziren azkarrenak bigarren urtez jarraian, eta, aitortu dute aurtengo ibilbidea "iazkoa baino gehiago" gustatu zaiela. Halaber, kaleko "giro ona" nabarmendu dute bi korrikalariek.

Etxekoen artean, berriz, Ainhoa Muruak eta Igor Etxeberriak lortu zuten denbora onena. Nolanahi ere, sailkapenaz eta markez harago, parte hartzaile guztiek gozatu zuten atzokoan bikoetan korrika egiten. Amaieran, gainera, korrika gastatutako indarrak berreskuratzeko aukera izan zuten Zarautz Rugby Taldekoek eskaini zituzten parrillan egindako pintxoekin.

Erlazionatuak

Irudietan: Bikote Mistoen 44. Lasterketa

Onintza Lete Arrieta 2023 abe 03 Kirola

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide