Irudietan: Bikote Mistoen 44. Lasterketa

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 3a, 15:48

Ohi bezala, irribarretsu iritsi dira korrikalari gehienak Lege Zaharren enparantzako helmugara; nekatuta, baina bikoteari eskua emanda nahiz besoak altxatuta amaitu dute 7,8 kilometroko ibilbidea. Garaipena, iaz bezala, Jon Unzuetak eta Judith Otazuak eskuratu dute.

Elkarri eskua emanda edo besoak altxatuta, eta aurpegian irribarrea itsatsita. Hala iritsi dira Bikote Mistoen 44. Lasterketako partaide gehienak Lege Zaharren enparantzako helmugara gaur eguerdian, herrian barna 7,8 kilometroko ibilbidea osatu ondoren.

Eguraldia lagun, ez da herritarren animo oihurik eta txalorik falta izan, eta udaletxe ingurua kolorez bete dute beste behin lasterkariek. Kolore guztien artean, hori bai, urdina nagusitu da, kolore horretako elastikoak banatu baitituzte aurten antolatzaileek. Gainera, gaur abenduaren 3a izanik, Euskararen Eguna, mezu argia eraman dute kamisetek aurrealdean nahiz atzealdean: Hitz egingo al dugu euskaraz? leloa aurrealdean, eta atzealdean, berriz, Euskara, Europako hizkuntza bizi zaharrena leloa.

Probaren ondoren, korrikalariek indarrak hartzeko tartea izan dute, eta gorputza ez hozteko momentuan parrillan egindako haragi otarteko beroez gozatzeko aukera izan dute Zarautz Rugby Elkartekoen eskutik.

Sailkapenari dagokionez, txapelak iazko buru beretan gelditu dira, Jon Unzueta eta Judith Otazua bizkaitarrak izan baitira bizkorrenak.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide