Iaz bezala, aurten ere Judith Otazuak eta Jon Unzuetak irabazi dute Bikote Mistoen 44. Lasterketa

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 3a, 14:24

Judith Otazua eta Jon Unzueta, garaileen txapelak janzten. (Onintza Lete Arrieta)

Bikote bizkaitarrak 27:29 denboran osatu du 7,8 kilometroko ibilbidea. Bigarren Beñat Elorriaga eta Oihane Irusta bizkaitarrak izan dira, eta hirugarren, Nerea Urteaga zumaiarra eta Iñaki Salaberria eskoriatzarra. Ainhoa Murua eta Igor Etxeberria izan dira aurreneko zarauztarrak.

Atzo botatako zaparraden aztarnarik gabe jokatu dute gaur eguerdian Zarauzko kaleetan zehar Bikote Mistoen 44. Lasterketa; hotz bai, baina eguzkipean, korrikarako giro aproposarekin. 700 bikote inguruk emana zuten izena, eta horietatik 585ek amaitu dute 7,8 kilometroko ibilbidea. Bizkorrenak, iaz bezala, Jon Unzueta eta Judith Otazua izan dira, eta 27:29 denbora eginda, Bizkai aldera joan dira txapelak. Durangarra eta gernikarraren atzetik beste bizkaitar batzuk helmugaratu dira: Beñat Elorriaga eta Oihane Irusta. 27:52 denbora egin dute horiek.

Podiuma gipuzkoarrek osatu dute: Nerea Urteaga zumaiarrak eta Iñaki Salaberria eskoriatzarrak. Denbora gehiago behar izan dute horiek helmugaratzen; kronometroak 29:30 denbora markatu die.

Aurreneko zarauztarrak ez dira oso atzean gelditu, 30:22 denbora eginda, sailkapen orokorrean zortzigarren egin baitute Ainhoa Muruak eta Igor Etxeberriak. Julen Ansola eta Olatz Flores izan dira bigarren zarauztar bizkorrenak 31:04 denborarekin, eta hirugarren postua, berriz, Asier Aranak eta Markiegik eskuratu dute, 32:05 denborarekin.

Lasterketa 11:00etan hasi da Aritzbatalde kiroldegi paretik, eta Zelai Ondo kaletik trenbide azpiko pasabidea igaro dute, eta Gipuzkoa kaletik Kale Nagusira eta Musika Plazara joan dira. Han buelta hartu eta Paxo pasabidea igaro dute Santa Klara kalera iristeko. Itzuli luzean,  Zelai Ondotik Mitxelena kalerantz egin dute, Maria Etxetxiki kalera arte, eta berriz Kale Nagusia eta Musika Plaza igaro dituzte. Ipar kalea, Santa Marina, Herrikobarra kalea, Paxo pasabidea, Santa Klara eta Bizkaia kalea igaro, eta azken itzulian, Gipuzkoa kalera heldutakoan Gaztainpe kalerantz jo dute, Zigordia kalea igarotzeko eta Lege Zaharren Enparantzan helmugaratzeko.

Gaztetxoak, helduekin

Proba nagusiaren ondoren, 12:00etan, bi kilometroko lasterketa saioa egin dute 12-16 urte arteko gaztetxoek. Korrika heldu batekin egiteko aukera zuten, eta hala egin dute helmugan sartu diren guztiek. Aurtengoa bigarren edizioa zen, eta parte hartzea oso txikia izan da kategoria horretan: Lege Zaharren enparantzara bikote gutxi batzuk iritsi dira.

Bizkorrenak Laia Zumeta eta Ruben Ruzafa izan dira, eta hala, txapelak Aizarnazabalera joan dira aurtengoan. Bigarren postua Mikel eta Nerea Lazkano zarauztarrentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Joseba eta Sara Arrillaga oriotarrentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide