Plaieroetako denboraldia hasi besterik ez da egin, baina sailkapena dagoeneko ari da itxura hartzen eta jada antzeman daiteke zein izango diren liga txapelketara sailkatzeko borrokan arituko diren taldeak. Multzo bakoitzeko onenek soilik lortuko dute ligara sailkatzea eta Celso Castro, Arrano taberna, Asti pinturak eta Orbela Tb - E. Surflari taldeak dira bide horretan ondoen kokatuta daudenak; izan ere, lau taldeek orain arte jokatutako hiru partidak irabazi dituzte.
Hori horrela, lau taldeak beren multzoetako sailkapenen buruan dira bederatzina punturekin. Dena den, zehaztu behar da Celso Castro eta Arrano taberna multzo berekoak direnez, gizonezkoen A taldekoak, zehazki, berdinduta ageri direla. Nolanahi ere, Celso Castro da liderra balantze hobea duelako egindako eta jasotako gol kopuruan. Halere, gol bakarrekoa da bi taldeen arteko aldea.
Gizonezkoen B multzoan eta emakumezkoen multzoan, aldiz, Asti pinturak eta Orbela Tb - E. Surflari bakarrik ageri dira sailkapeneko lehenengo postuan. Biek ala biek bi puntuko aldea ateratzen diote bigarren sailkatuari.