Arte eta Historia Museoak bisita gidatu berezia eskainiko du aztarnategira

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 30a

Bisitariak Zarauzko Arte eta Historia Museoko aztarnategiko hilobiei begira. (Zarauzko Arte eta Historia Museoa)

Etzirako antolatu dute, Santu Guztien Egunaren aitzakian, herritarrek Zarauzko hilerri zaharrena ezagutu dezaten. 16:30ean izango da elebitan eta aldez aurretik egin ditzakete erreserbak interesdunek.

Zarauzko Arte eta Historia Museoak bisita gidatu berezia eskainiko du azaroaren 1ean, Santu Guztien Eguna, bizilagunek herriko hilerri zaharrena bertatik bertara ezagutu dezaten. Horrez gain, Andra Mari Zeruratzea parroki-elizako monumentu multzoaren parte den kanpandorreko Erdi Aroko nekropolia bisitatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Museoak zehaztu duenez, 16:30ean hasiko da bisita, ordubete inguruko iraupena izango du eta elebitan eskainiko dute: euskaraz eta gazteleraz. Halaber, jakinarazi dute bi euroko prezioa izango duela sarrerak. Izen ematea egunean bertan egin dezakete interesdunek 16:00etatik aurrera, baita aldez aurretik ere museoan bertan, info@menosca.com helbidera mezua bidalita edota 943-83 52 81 telefono zenbakira deituta.

Bisitaren nondik norakoak ere eman ditu museoak: "Andra Mari Zeruratzea parroki-elizaren azpiko aztarnategian aurkituz zituzten Burdin Aroko aztarnen artean, jaioberri baten hilobia topatu zuten eta hori ikusteko aukera izango dugu. Hain justu, zarauztar arbasorik zaharrenaren hilobia izan liteke haur jaioberri harena. Jarraian, Erdi Aroko gure aitona-amonenak izango liratekeen eta IX. eta X. mendeko hilobiak bisitatuko ditugu, Gipuzkoan ezagutzen diren zaharrenak. Gorpuak hilobiratzeko zituzten ohiturek eta baldintzek garaiko bizimoduaz hitz egiten dute, egun ezagutzen dugunetik oso aldentuta dagoena. Hori horrela, garai hartako hilobiratze erritoak ere ezagutuko ditugu. Hilobi horien artean, adibidez, Zarautz familiaren hilobia aurkitzen da, antzina Zarauzko familiarik garrantzitsua izan zena; Torre Luzea, Kanpandorrea eta Narros Jauregiko jabeak izan zirenak, besteak beste".

Gainera, parte hartzera animatzen diren herritarrek garbitu berri aurkituko dute aztarnategia; izan ere, mantenu lanetan aritu berri da Aranzadi zientzia elkartea

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide