Arte eta Historia museoko aztarnategia garbitu du Aranzadik

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 25a

Aranzadi zientzia elkarteko kideak Zarauzko Arte eta Historia museoko aztarnetegian dauden hilbiak garbitzen. (Zarauzko Udala)

Herriko hilerri zaharrenaren ondare arkeologikoa kontserbatzeko mantenu lanak izan dira egin dituztenak. Museoak jakinarazi du, gainera, bisita gidatu berezia antolatu duela Santu Guztien Egunerako. Mila urtetik gorako hilobiak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Aranzadi zientzia elkartea mantenu lanak egiten aritu da azken egunotan Zarauzko Arte eta Historia museoko aztarnategian. Honen ondare arkeologikoa behar bezala kontserbatzeko garbiketa lanak izan dira egin dituztenak; izan ere, herriko hilerririk zaharrena dago bertan eta mila urtetik gora dituzte hilobiek

Aranzadiko kideen esanetan, "ezinbestekoa" da tenperatura eta hezetasun maila zaintzea aztarnategiak egoera onean iraun dezan, baita tarteka garbiketa orokorra egitea ere. Garbiketa hori ez da nolanahikoa, ordea, "prezisio handia" eskatzen baitu: "Xurgagailuaz hauts eta gainerako hondakinak kentzen dira, brotxa eta pintzelarekin hezur eta hilobiei pilatutako zikinkeria, fungizidarekin paretetan sortzen den lizuna eta paperarekin eta trapuarekin, azkenik, aztarnategia estaltzen duen eta beraren gainean egotea ahalbidetzen duen kristala".

Argitu dutenez, bi egunetan aritu dira aztarnategia garbitzen eta bitarte horretan ezin izan da bertara bisitarik egin. Hala, lanak amaituta dagoeneko berreskuratu dute museoko ohiko martxa. Gainera, "egoera onena" dagoela adierazi dute Aranzadiko kideek.

Bisita gidatuak Santu Guztien Egunean

Bada, Arte eta Historia museoak jakinarazi duenez, bisita gidatu berezia antolatu du azaroaren 1eko Santu Guztien Egunaren aitzakian, garbitu berri duten Zarauzko hilerri zaharrena bertatik bertara ezagutu dezaten herritarrek. Museoak azaldu duenez, parte hartzaileek gertutik ezagutu ahalko dute "gure arbasoen historia" Andra Mari Zeruratzea parroki-elizak eta kanpandorreak osatzen duten Andra Mari Zeruratzea Arkeologia eta Monumentu multzoaren lurpeko aztarnategian.

Zehazki, 16:30ean eskainiko du museoak horretarako aukera, eta, bi eurokoa izango da sarrera. Izen ematea egunean bertan egin dezakete interesdunek 16:00etatik aurrera, baita aldez aurretik ere museoan bertan, info@menosca.com helbidera mezua bidalita edota 943-83 52 81 telefono zenbakira deituta.

Antolatzaileek bisitaren nondik norakoak ere eman dituzte: "Andra Mari Zeruratzea parroki-elizaren azpiko aztarnategian aurkituz zituzten Burdin Aroko aztarnen artean, jaioberri baten hilobia topatu zuten eta hori ikusteko aukera izango dugu. Hain justu, zarauztar arbasorik zaharrenaren hilobia izan liteke haur jaioberri harena. Jarraian, Erdi Aroko gure aitona-amonenak izango liratekeen eta IX. eta X. mendeko hilobiak bisitatuko ditugu, Gipuzkoan ezagutzen diren zaharrenak. Gorpuak hilobiratzeko zituzten ohiturek eta baldintzek garaiko bizimoduaz hitz egiten dute, egun ezagutzen dugunetik oso aldentuta dagoena. Hori horrela, garai hartako hilobiratze erritoak ere ezagutuko ditugu. Hilobi horien artean, adibidez, Zarautz familiaren hilobia aurkitzen da, antzina Zarauzko familiarik garrantzitsua izan zena; Torre Luzea, Kanpandorrea eta Narros Jauregiko jabeak izan zirenak, besteak beste".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide