'Lotura Emakumeok' ekimeneko topaketak azaroaren 4an abiatuko dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 29a

'Lotura Emakumeok' ekimenaren aurkezpen saioan parte hartu zuten bi emakume. (Mireia Galarza)

Hiru izango dira guztira Emakumeen Etxean egingo dituzten saioak eta 10:00etan jarri dute datorren asteko lehenengorako hitzordua. Emakume migratzaileei eta errefuxiatuei egin ohi dieten harreraz arituko dira.

Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak datorrena astean abiatuko du Loturak Emakumeok ekimena. Moviltik enpresarekin eta pertsona migratzaileekin lan egiten duten tokiko elkarterekin elkarlanean atzerritik etorritako emakumeei egiten zaien harrera hobetzea dute helburu eta hiru talde-saio eginda, eta, larunbatean, azaroaren 4an, egingo dute lehenengoa 10:00etan hasita.

Hori horrela, Gloria Vazquez berdintasun zinegotziak bertaratzeko deia egin die herritarrei: ""Proiektu honetan parte hartzera animatzen ditugu bai beste herrialde batzuetatik etorritako emakumeak, bai harrera egiten diegun emakumeak, bi ikuspuntuak interesatzen zaizkigulako, baina, batez ere, harrera-prozesu horiek hobetu eta haien integrazioa erraztu nahi dugulako".

Zehaztu dutenez, lehenengo saioan migrazioez hausnartuko dute, arreta nagusia jarrita emakume migratzaileei eta errefuxiatuei ematen zaien ongi etorrian; izan ere, harrera prozesu horiek nolakoak diren aztertu nahi dute. Azken finean, egin nahi duten lanketarako oinarria eraikitzea izango da lehenengo saioaren helburua, hurrengo bi saioetan Zarautzen emakume migratuen harreraren errealitatea ikusarazteko eta sentsibilizatzeko narratiba inklusiboak sortzea izango dutelako xede testu, bideo eta audio formatuan.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide