Elkar ezagutu, bestearen azalean jartzen ikasteko

Mireia Galarza Bastida 2023ko urriaren 7a

Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta, Lotura Emakumeok proiektua aurkeztu zuten ostegunean Emakumeen Etxean. Bertan jaiotako eta kanpotik etorritako emakumeen artean loturak bilatzea du helburu proiektuak, baita kanpotik datozei harrera egiten zaien moduaz hausnartzea ere. Printzipioz, urrian eta azaroan jarriko dute martxan proiektua herrian, baina parte hartzaileen arabera zehaztuko dute egutegia.

Nola egiten diete hemen jaiotako emakumeek harrera kanpotik datozen emakumeei? Bi alde horien arteko ulermena sustatzeko helburuarekin, Lotura Emakumeok ekimena iritsi da Zarautzera. Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta, proiektua aurkeztu zuten ostegunean Emakumeen Etxean. Bertan, kanpotik etorritako hainbat emakume zarauztar bildu ziren, baita proiektu berean parte hartu duten beste herri batzuetako emakumeak eta Zarauzko Udaleko hainbat kide ere. Proiektua kudeatzen duen Moviltik enpresako Maria Arrieta arduratu zen ekimenaren nondik norakoak azaltzeaz, eta adi-adi entzun zieten bertaratu zirenek.

Proiektua Portugaleten jarri zuten martxan lehendabizikoz, eta dagoeneko bi edizio burutu dituzte bertan. Arrietak azaldu zuenez, asmoa istorioak biltzea zen, horrekin gero hausnarketa eragiteko. "Emakume pila bat etortzen dira Euskal Herrira bizitzera, eta askori aurpegia jartzen diegun arren, ez dugu beraien istorioa ezagutzen, eta askotan ez dugu ahaleginik egiten horretarako", azaldu zuen. Beraz, proiektuak espazioak bilatzen ditu bertan jaiotakoak nahiz kanpotik datozenak elkartzeko. 

Bat-batean norbere istorioa kontatzeak eduki ditzaken zailtasunez jabetuta, Arrietak Emakumeak-Objektuak-Kontakizuna paralelotasuna azaldu zuen. "Bakoitzak bere kontakizuna errazteko objektu bat ekarri zuen, eta hortik abiatuta hasten ziren beraien esperientziak kontatzen", gaineratu zuen. Topaketen azken emaitza bezala, Arrietak aditzera eman zuen lehen edizioan esperientzia bideo batzuk sortu zituztela parte hartzaileekin, eta bigarrengoan errelatu liburu txiki bat. Hemen ikus daitezke sortu zituzten bideoak. 

Zarauzko planteamenduari dagokionez, ekimena urrian eta azaroan jarri nahi dute martxan, baina horretarako parte hartzaileak beharko lituzketela azaldu zuten antolatzaileek. "Bertan jaiotako emakumeak ere beharrezkoak zaizkigu espazio horiek sortzeko, eta horregatik, gonbidapena lutzatzen diegu Zarauzko emakume guztiei ekimenean parte hartzera", gehitu zuen Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak. Zarauzko topaketak urriaren 28an eta azaroaren 4an egitea aurreikusi dute antolatzaileek, 10:00etatik 13:00etara, azaroaren 11n errelatoen grabaketak egin ahal izateko. Dena den, egun horiek alda daitezkeela azaldu dute antolatzaileek, parte hartzaileen egutegiaren arabera. Gainera, haurren zaintza oztopo bat izan ez dadin, haurtzaindegi zerbitzua ere gehitu dezaketela azaldu zuten antolatzaileek. 

Istorio ausartak

Aurkezpen saiora gerturatu ziren bi emakume zarauztar dira Alexandra eta Susana. Lehenengoa Polonian jaio zen, eta orain dela 11 urte ingurutik bizi da Zarautzen. Bigarrena, aldiz, Mexikotik iritsi zen Zarautzera, eta 2015az geroztik bizi da herrian. 

Bi emakumeek aipatutakoaren arabera, "zaila" da herritarren artean integratzea. "Bakoitzak bere bizitza ondo antolatuta dauka hemen, eta zaila egiten zaie gure gabezia emozionalen jabe izatea", azaldu zuen mexikarrak. Eta zera gehitu zuen: "Benetako lagunak bilatzea ez da erraza, hemen ez dugulako ia komunitaterik, eta horren ondorioz, bakarrik sentitzen gara". Horren harira, poloniarrak kuadrillen ideia aipatu zuen: "Hemen, historikoki, kuadrillak osatzen dituzte txiki txikitatik, eta oso zaila da gero horietan sartzea. Izan ere, azken finean, elkarrekin orduak pasa dituzte lagun horiek, bizipenak dituzte elkarrekin, eta guk ez", gehitu zuen. Horiek eta beste zenbait istorio bildu nahi dituzte ekimen honen bitartez. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide