Zarautz Palestinarekin herri ekimenak mobilizazioa deitu du ostegunerako

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 16a

Bizkaiko BDS Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat mugimenduak deituta, ostiralean Bilbon egin zuten protesta. (@BDSBizkaia)

Israelen "genozidioa" gelditzeko eskatuko dute eta herriko bi alderdik eta beste hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin.

"Israelgo estatua Palestinaren aurka egiten ari den genozidioa salatzeko" mobilizazioa egingo dute ostegunean Lege Zaharren Enparantzan Zarautz Palestinarekin herri ekimenak deituta. 19:00etan jarri dute hitzordua eta herriko bi alderdik eta beste hainbat eragilek dagoeneko azaldu dagoeneko dute beren atxikimendua.

Azken horren harira, osteguneko protestaren antolatzaileek jakinarazi dute atxikimendua adierazteko aukera zabalik dagoela oraindik eta palestinarekin@ni.eus helbidera mezua idatzita egin dezaketela. Atxikimendua ahalik eta zabalena izan dadin nahi dute eta, horregatik, deia egiten diete herritarrei nahiz elkarteei aipatu helbidera mezua bidaltzeko. Ostegunean bertan zabalduko dute zerrenda osoa.

Gaur gaurkoz, honako hauek dira Zarautz Palestinarekin bat egin dutenak: ELA eta LAB sindikatuak, Zarauzko Podemos-Ahal Dugu eta Sortu alderdiak, Zarauzko Bilgune Feminista, Zarauzko Oneka emakume pentsiodunen plataforma, Morroxkak neska* gazte taldea, Zarauzko sahararren komunitatea, Ernai, Lakari Kooperatiba, Montetxio abesbatza, Arrano Kabia Kultur Elkartea eta Arraio Irratiko ZarataZarautz irratsaioa.

Halaber, mobilizaziora deitzeko testua ere zabaldu dute hainbat hizkuntzatan. Bertan Nazio batuei egin diote deia zuzena berehala esku hartu dezan; izan ere, diotenez, "historiako genozidio anker eta basatienetakoa ikusten ari gara egun hauetan Gazan". Lotura honetan dago irakurgai idatzia osorik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide