Zizurkil eta Villabonako Danok Danena jaun eta jabe izan zen atzo Aritzbatalden jokatutako Gipuzkoako Taldekako Halterofilia Txapelketan; izan ere, gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan irabazi zuen, eta, bi altxatzaile onenak ere haienak izan ziren: Eki Lizasok 341,46 puntu lortu zituen eta Elena Mangasek 217,09.
Etxeko taldea, ZKE Zarautz Kirol Elkarteko Halterofilia saila, berriz, bigarren sailkatu zen bi kategorietan. Nolanahi ere, gizonezkoetan estu hartu zituen Danok Danenaren bigarren taldeak, sei puntu eskaseko alde besterik ez baitzen egon bien artean.
Hori horrela, honela geratu zen gizonezkoen txapelketako podiuma:
- Danok Danena A : 1804,13 puntu
- ZKE Halterofilia A : 1698,57 puntu
- Danok Danena B : 1692,34 puntu
Emakumezkoetan, berriz, alde handia atera zioten lehenengo bi sailkatuek hirugarrenari, Irungo Bidasoa Halterofilia taldeari. ZKEk bikoiztu egin zuen irundarren puntuaketa. Hauxe izan zen emakumezkoen sailkapena:
- Danok Danena A : 1140,05 puntu
- ZKE Halterofilia A : 1065,84 puntu
- Bidasoa Halterofilia Taldea : 525,99 puntu
Argazkiak: ZKE Halterofilia