Larunbatean emango diote amaiera Mario Onaindia politikaria omentzeko antolatu duten egitarau bereziari haren heriotzaren hogeigarren urteurrena dela-eta. Onaindiaren izena daraman fundazioak urtero antolatu ohi duen sari banaketa izango da azken ekitaldi hori eta Ana Murugarren zinegile nafarrak jasoko du aitortza.
Zazpi kultur aretoan egingo dute sari banaketa 12:30ean eta parte hartzaileen artean hainbat aurpegi ezagun izango dira: bestak beste, Esozi Leturiondo Onaindiaren alarguna eta fundazioko presidentea, Ramon Barea aktorea eta Joaquin Trincado zinema ekoizle bilbotarra. Haiekin batera Teresa Zarco ere izango da eta Felipe Juaristi olerkaria eta Juan Ramon Unamuno musikaria arduratuko dira ekitaldia girotzeaz.
Saridunari erreparatuta, bestalde, Mario Onaindiaren bizitzan oinarritutako El precio de la libertad bi ataleko telesaila da, hain justu, orain arteko ibilbidean zuzendu duen ikus-entzunezkoetako bat. 2011n estreinatu zuten Espainiako telebista publikoan eta bertan kontatu zuten Onaindiak 1970eko Burgoseko prozesuan izan zuen parte hartzea eta ETAtik aldendu ondoren, nola egin zuen jauzi euskal politikagintzara.
Horrez gain hainbat film ere zuzendu ditu Martzillako zinegileak. Azkenak, Garcia y Garcia eta El hotel de los líos. García y García 2 umorezko ikus-entzunezkoak.
Mario Onaindia saria banaketaren hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa eta oroigarria jasotzean, aitortza bera jaso dutenen taldera batuko da Murugarren. Arantxa Urretabizkaiak, Elias Kerejetak, Agustin Ibarrolak, Lagun liburu dendak, Rafael Aguirrek, Juan Pablo Fusik, Jesús Egigurenek, Joseba Arregik, Carmen Iglesiasek, Juan Luis Ibarrak, Luis Castellsek eta Andoni Unzaluk osatzen dute talde hori.