Egitarau berezia antolatu dute Mario Onaindiaren heriotzaren 20. urteurrena gogoratzeko

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 12a, 12:10

Mario Onaindia Fundazioko kideak. (Hitza)

Mario Onaindia Fundazioak hainbat jardunaldi antolatu ditu hilabete honetan haren jarduna aztertzeko. Aurten, Ana Murugarren zinema zuzendariari emango diote Onaindia Saria.

Abuztuaren 31n hogei urte bete ziren Mario Onaindia politikari hil zela. Urteurren biribila kontuan hartuta, Mario Onaindia Fundazioak egitarau berezia antolatu du datozen asteetarako. Bere ibilbidean alor ezberdinetan nabarmendu zen, eta horietako batzuk aztertzeko jardunaldiak egingo dituzte.

Lehen saioa Bilbon izango da ostegun honetan, hilaren 14an,  Euskaltzaindiaren egoitzan, eta Onaindiak euskal idazle gisa urratu zuen bidea izango dute hizpide honako gonbidatuek: Manu Gojenola, Andres Urrutia, Jon Juaristi, Belen Altuna eta Felipe Juaristik.

Hurrengo hiru saioak Zarauzko Zazpi kultur aretoan egingo dituzte. Irailaren 22an, politikari moduan gogoratuko dute, eta irailaren 29an, berriz, intelektual moduan; biak ala biak 19:00etatik aurrera. Onaindia politikari jardunaldian hartuko dute parte Teo Uriartek, Roberto Lertxundik, Ramon Jauregik eta Luis R. Aizpeoleak; jardunaldi intelektualean, ondorengoak izango dira hizlari: Carmen Iglesias, Jaun Pablo Fusi eta Txema Portillo.

Hirugarren ekitaldia, eta egitarau bereziari amaiera emango diona, Mario Onaindia Sariaren banaketa izango da. Urriaren 7an egingo dute, 12:30ean hasita, eta aurten Ana Murugarren zinema zuzendariari egingo diote aitortza. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide