Kontsumo taldera batzeko deia egin dute hainbat nekazarik

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 15a, 11:00

Ametsola Etxalde Ekologikoaren saskia. (Utzitakoa)

Herrian bertan ekoitzitako garaiko barazki ekologikoekin osatutako saskia kontsumitzera bultzatu nahi dituzte herritarrak astero. Urtebeteko konpromisoa eskatuko diete.

Ikasturte berriaren hasiera urteko ohiturak berreskuratzeko edota berrietara egokitzeko unea izaten da. Bada, azken horren, harira, herriko hainbat nekazarik deia egin diete Zarauzko bizilagunei Zarauzko kontsumo taldera batu daitezen. Haien esanetan, "hainbat herritarrek ez dute proiektua ezagutzen". Horregatik, zertan datzan azaldu nahi izan dute: "Barazkiekin saskia osatzen dugu astero eta bezeroei ematen diegu. Garaian garaiko produktuak sartzen ditugu saskian, ekologikoak eta bertan ekoitzitakoak. Azken finean, bestelako kontsumo eredua da bultzatu nahi duguna kontsumitzaileak harreman zuzena duelako nekazariokin", zehaztu dute  Ametsola Etxalde Ekologikoko kideek. Zarauzko kontsumo taldeen sarea osatzen duten hiru hornitzaileetako bat da Ametsola.

Halaber, kontsumo taldeak bezeroei eskaintzen dien "erosotasuna" ere nabarmendu dute Ametsolako kideek: "Entrega egunean bertan jasotako barazkiekin guk geuk osatzen dugu saskia. Beraz, esan daiteke barazkiei dagokienez asteko erosketa eginda ematen diegula. Haiekin ordu bat eta toki bat adostean dugu eta bertan ematen diegu. Guk, adibidez, asteartetan banatzen ditugu saskiak Merkatu Plazan 17:00etatik 20:00etara. Dena den, badira saskiak etxez etxe banatzen dituzten nekazariak ere".

Nekazariek ohartarazi dute, bestalde, kontsumo taldera batzeko baldintza bat ere badutela bezeroek: "Urtebeteko konpromisoa eskatzen diegu, zeren, urte osoko landaketak egiteko plangintza egin beharra daukagu eta dugun bezero kopuruaren arabera aldatu egin daiteke hori".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide