Euskal Astea 2023

Irrealismo, umore eta kritika dosi ederra eskaini ditu Alprojak Euskal Jai egunean

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 10a, 08:11

Jainkoen laratza izeneko antzezlana atzo eguerdian aurkeztu zuten Munoan, eta ohi bezala, jendetza elkartu zen herriko antzerki taldearen lanaz gozatzera. Barre eta txalo asko izan ziren emanaldian zehar.

Ez dago Euskal Jairik Alproja antzerki taldearen emanaldirik gabe, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Atzo eguerdian izan zen emanaldia Munoan, eta jendetza batu zen lanaz gozatzera. Eguzkiak gogor jotzen zuen, eta pribilegiatu batzuek itzaletatik jarraitu ahal izan zuten emanaldia, eta gainerakoek, ahal bezala aguantatu zuten, abanikoak eskuetan, eta txapelak nahiz zapiak buruetan. Emanaldi luzea izan zen, baina inor ez zen mugitu bere tokitik amaitu zenera arte.

Azken aldietan ez bezala, aurtengoan herriko gaiak alde batera utzi, eta gai unibertsalagoak izan zituzten hizpide Jainkoen laratza antzezlanean. Hori bai, gidoiak ohiko umore, ironia eta kritika dosi ederrak izan ditu aurtengoan ere.

Galtxagorriak ere ez ziren falta, noski, eta horiek makina bat jainkorekin hizketan aritzeko aukera izan zuten oholtza gainean; Olinpoko jainkoak, Mari jainkosa, hainbat herritako kulturetako jainkoak... Eta jainko edo jainko usteko berriago batzuekin ere izan ziren: Amazon, Putin, Elon Musk...

Antzezlana osorik grabatu zuen atzo Erlo telebistak, eta datozen egunetan telebistaz nahiz atari honetan bertan ikusteko aukera izango da.

Erlazionatuak

Alproja beti delako alproja

Aritz Mutiozabal 2023 ira 07 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide