Alproja beti delako alproja

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 7a, 09:30

Alprojako kideak 'Jainkoen laratza' antzezlaneko entsegua hasi aurreko bileran. (Aritz Mutiozabal)

Pentsaezina da Euskal Jai Eguna Alprojaren herri antzerkirik gabe. Aurten, ordea, herriko kontuak albora utzi dituzte galtxagorriek, eta irudimenari bide eman nahi izan diote Jainkoen laratza sortuz. 

Zarauzko bitxi bat da horrelako herri antzerki bat sortzea eta aurrera eraman ahal izatea urtero-urtero. Oso herri gutxitan gertatzen da hori, eta gure inguruan, inon ez. "Zentzu horretan, publikoak ikaragarri erantzuten du beti. Eutsi nahi zaion kontu bat da, eta jende asko animatzen da parte hartzera, nahiz eta harremanik ez eduki antzerkiarekin kontu honetatik kanpo". Alproja taldeak Euskal Jai Egunean eskaintzen duen ikuskizuna oso berezia da, eta ezin egoki aukeratu ditu hitzak Beñat Aristi alprojakideak hitzordua definitzeko: "Jendeak ez lituzke gaur egun Euskal Jaiak ulertuko herri antzerkirik gabe".

Zarauztarrak zain-zain egoten dira irailaren 9ko eguerdia noiz iritsiko, galtxagorriek Munoa plazako oholtzara igo eta zer kontatuko duten jakiteko. Usadio bihurtu da Alprojaren herri antzerkia deabru bihurri horien bidez abiatzea. "Beti agertzen dira hasierako eszenan, dantza zoragarri bat eginez eta norbere burua zerrendatuta aurkeztuz, jarraian istorioa kontatzen hasteko. Aho horietatik ateratzen den magia horren zain-zain egoten da publikoa, egia esan. Hori horrela, urtero saiatzen gara herritarrak zur eta lur uzten", azaldu du Alproja taldeko kide Oroitz Unzuetak.

Beñat Intxauspe alprojakideak dio beren "meritua" ere badela hori. "Izan ere, oso ezberdinak diren gaiei oso ikuspuntu ezberdinetatik heldu diegu urteotan. 2013tik, eskola egin genuenetik, landu dugu mitologia, Zarautz 2016 Kultur Herriburua, Galtzanblea eta azken bi urteetan oso herrian zentratu gara, etxebizitzaren eta trenbidearen gaiekin. Obra oso fantastikoak, herrikoak egin ditugu, eta umore zein drama aldetik ere asko aldatu dugu; horrek ere interesa piztu du. ‘Aurten zer egin behar duzue?’, galdetzen digute. Jendeak edozer espero du gugandik".

"Irrealitate batera"

Aurtengo ikuskizunari Jainkoen laratza izenburua jarri diote, eta istorioaren muina sekretupean mantendu nahi dute egun handira arte. Hala ere, Intxauspek gai horretara nola iritsi diren kontatu du: "Konturatu ginen azken urteetan oso Zarauzkoak eta kritika puntu handiarekin egin genituela antzezlanak, eta aurten imajinaziora eta irrealitatera jotzea erabaki dugu, herriko kontuak alde batera utzita". Euskal Jai Eguneko antzezlana sortzen dutenen "errealitatearen isla" dela aitortu du Aristik: "Azken aldietan gure egoeratik bizi genituen gaiei heldu genien, oso presente zeudelako. Batzordekideok oso gazteak garenez, etxebizitzaren gaia jorratu beharra geneukan, eta orduan hautsak astindu genituen. Iaz herria hankaz gora zegoen, Mitxelenako trenbideko pasabidea zela eta, eta errealitate horri heldu behar izan genion. Baina, gaien joan-etorri horretan, urruntzea tokatzen zitzaigula ikusi dugu, eta ipuin bat kontatuko dugu oraingoan".

Garai batean ere halako kontakizunak ohikoak zituztela gogora ekarri du Unzuetak: "Adibidez, Txanogorritxoren istorioa kontatzen genuen, eta ipuinetako pertsonaia xelebre denak joaten ziren azaltzen". Ikuskizunaren izenburuak berak –Jainkoen laratza-k, alegia– aurtengo obraren aztarna batzuk ematen dituela diote alprojakideek. "Jainko horiek, gainera, gaur egunera nola egokitzen diren erakutsiko dugu", gaineratu dute.

Alprojako kideak 'Jainkoen laratza' antzezlanerako prestatzen. (Aritz Mutiozabal)

Alprojaren emanaldi guztietan beti dago presente umorea, eta aurten ere ez da izango salbuespena. "Ukitu ditugu gai dramatikoagoak, kritika soziala, festa girokoak, baina beti umoretik eta umorerantz eginiko antzerkia landu dugu, gure plaza ere halakoa delako. Gure obrak ez dira antzoki txiki edo ertain batean, ilunpean eta argiztapen goxo batekin ikusteko. Gure plaza Euskal Jai Eguna da, eguerdian, jendea festa betean dela, txakolina edaten, eta horri eskaini behar diogu gure ikuskizuna. Horretara joaten gara!", aditzera eman du argi eta garbi Aristik. Alproja beti delako alproja, alegia.

Taldea osasuntsu

Iaz kuadrilla polita elkartu zen, eta horietako askok aurten ez dute jarraitu, baina bederatzi aktore berri batu zaizkie. Beraz, kopuru aldetik iazko zenbakietan dabiltza. Guztira, 45 aktore irtengo dira Munoa plazako oholtza gainera. Iaz goia jo zutela diote. Jende pila batek eman zuen izena, eta, nolabait esateko, aurten ere eutsi diote boladari. Gainera, adin tarte ezberdinetako herritarrak biltzen direla nabarmendu du Unzuetak: "Gazteak gogotsu etorri dira". Ildo horretatik, Intxauspek azpimarratu du eszenografia muntatzeko taldea indartzeko aukera izan dutela aurten.

Joan-etorriak izan badira ere, Alproja taldeko betiko nukleoak egonkor jarraitzen du. Batzordea bederatzi kidek osatzen dute, "galtxagorriek" bezalaxe. "Bakoitzak bere ardura du: batzuek gehiago heltzen diote eszenografiari; besteek gidoigintzari; bada jantzigintzan aritzen denik; eta beste batzuk zuzentzen aritzen gara. Taldearen barruan rol jakin bat dugu, eta hortik talde handira eramaten dugu proposamena; jendeak oso ongi jasotzen ditu", zehaztu du Aristik.

Urte berriarekin antzezlanaren idazketa prozesuarekin hasten dira, eta maiatza bukaeran eta ekainean zehar gidoiarekin entseatzeari ekiten diote, pertsonaia bakoitzak bere zatiarekin. Uztaila eta abuztua aprobetxatzen dituzte eszenografia prestatzeko, eta abuztu bukaeran itzultzen dira, denek batera antzerkia bere osotasunean entseatzeko.

Intxausperen esanetan, "oso osasuntsu" dago Alproja: "Zerbait aipatzekotan, nabarmenduko nuke urteko gainontzeko ekintzetara ez dugula lortu hainbeste bideratzea. Euskal Asteko jaialdira pare bat agertuko gara, baina gure entseguko esparrura mugatu da jendea. Egia da Gau Beltza egin genuela iaz eta aurten jarraipena eman nahi diogula egitasmoari, eta ea horri tiraka urtean zehar beste ekintza batzuk egitera iristen garen".

Alprojako kide bat galtxagorriz janzten. (Aritz Mutiozbal)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide