Bigarren etxeko koloreak bihotzean, helburu bakarra buruan

Andrea Zipitria-Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 8a, 08:30

Ezkerretik hasita, Portularrume, Aristi, San Sebastian, Aizpuru, OrbaƱanos, Unanue eta Arrojeria.

Urola Kostako arraunlari eta entrenatzaile andana ari dira aurten ere Kontxa irabazteko lehian. Horietako asko beren herrikoa ez den klub batean dabiltza, ordea. Nola bizi dute horiek Kontxa bezalako hitzordu berezia erbestean? Hedabide honek inkesta motza egin die horietako zazpiri: Mikel Orbañanosi, Leire Arrojeriari, Jon Unanueri, Josu San Sebastiani, Arene Portularrumeri, Maialen Aizpururi eta Joseba Aristiri.

Inkesta:
1.Zer helbururekin zoaz igandean Kontxara?
2.Nola bizi duzu Kontxa zure herrikoa ez den talde batekin?
3.Zer dira zuretzat zaleak Kontxan?



Tolosaldeko arraunlaria (Aia)

Arene Portularrume: "Jubeniletan Tolosan aritzea eskaini zidaten, eta ordutik nabil han"

 

  1. Gure helburua irabaztera ateratzea izango da. Jakin badakigu oso zaila izango dela, baina pasa den igandean lortu genuen, eta horrek igande honetarako segurtasun handia emango digu. Orain arte borrokan aritzeko aukera izango genuela pentsatzen genuen, baina ez genuen uste Orio, Arraun Lagunak edota Donostiarra bezalako traineruei irabazteko gai izango ginenik. Orain, ikusita posible dugula, igandean gozatzera eta ahalik eta estropada politena egitera aterako gara. 

  2. Nahiz eta ez izan nire herriko taldea, berezia da niretzat Tolosa. Zarautzen hasi nintzen arraunean, baina jubeniletan Tolosan hastea eskaini zidaten, eta ordutik han nabil. Izaro [Lestayo] patroiak elkarrizketa batean azaldu zuen bezala, lagunartekotasuna da nagusi gure taldean. Urte asko daramatzagu batera, eta giro on horrekin eta gorenera iristeko helburu partekatuarekin, Kontxako lehen estropada irabaztea amets berezia izan da. 

  3. Tolosako zaleak onenak dira guretzat. Pasa den igandeko irudiak ikusi besterik ez dago. Beti egon dira guri indarrak ematen eta gugan sinesten, baita geuk sinesten ez genuenean ere.

Ondarroako arraunlaria (Zumaia)

Joseba Aristi: "Ondarroan beso zabalik hartu naute, eta betitik bereziak izan dira koloreok"

  1. Gure helburua disfrutatzea eta ahalik eta maila onena ematea izango da. Une gozoan iritsi gara irailera, eta guretzat, Kontxako Banderan sartzea denboraldia borobiltzeko sari bat izan da. Beraz, gozatzera aterako gara eta estropada on bat eginda nahiko genuke amaitu denboraldia. Hortik aurrera, traineruren bat atzetik lagatzen badugu, oraindik eta hobeto. 

  2. Norberaren herriko traineruarekin Kontxan sailkatzea handia izango da, ez dut dudarik egiten. Hori bizitzeko zorterik izan ez dudan arren, oso gustura nago Ondarroan, eta Kontxan presente izatearen ametsa bete dut. Gainera, Ondarroan beso zabalik hartu naute hasieratik, eta betitik izan dira bereziak koloreok niretzat. Aitaren aldetik familia dut bertan; anaia eta osaba ere bertan patroi arituak dira. Beraz, lotura puntu hori ere badaukat herriarekin. 

  3. Zaleek Kontxako estropada berezi egiten dute. Bertan sortzen den giroa ez da beste estropadetan ikusten. Zortez, nahiz eta gu bandera irabazteko lehian ez egon, Ondarroako zaleak oso fidelak dira. Asko dira gu animatzera etortzen direnak. Giro ederra jartzen dute, gainera; asko eskertzen da hori.

Getariako arraunlaria (Orio)

Josu San Sebastian: "Oriotarra izan arren, asko gozatzen dut Getariarekin arraunean"

  1. Gure helburua da Cabori irabaztea. Asmo horrekin aterako gara igandean Kontxan. Bigarren helburua estropada txukuna egitea da, eta ahal izanez gero, aurrekoengana gerturatzea pixka bat. Dena den, zaila ikusten dut hori.

  2. Sentipen pixka bat arraroa da oriotarra izan eta Getariarekin aritzea, baina talde horrekin ere oso gustura nago. Gainera, 2003an ere Getarian ibili nintzen hiru denboraldiz, seniorretara jauzi egindakoan. Orion aurreneko traineruan tokirik ez, eta Getarian aritu nintzen, orduan Orio B talderik ez baitzegoen. Orio ez den arren, asko gozatzen dut Getariarekin. 

  3. Kontxan dena dira zaleak; horrek ematen dio karisma estropadari, nahiz eta urte hauetan, pandemia dela eta, batere gustatzen ez zaizkidan ohitura batzuk errotu diren. Batez ere, 
    ez ditut gustuko boxetan jartzen dituzten oihal beltzak, eta iaz, esaterako, hesia zegoen zaleen eta gure artean; aurten ez, arranplan tokatu zaigulako jartzea trainerua, baina bestela, gertutasuna galtzen da zaleekiko, eta horrek ezin du horrela izan. Uste dut gauza horiekin Kontxaren esentzia guztia galtzen ari dela.

Orioko arraunlaria (Getaria)

Maialen Aizpuru: "Izatez getariarra naiz, baina etxean sentitzen naiz Orion"

  1. Edozein arraunlariren ilusioa da Kontxako Bandera irabaztea. Lehenengo paladatik horretara aterako gara. Gure lana ondo eginez gero, badakigu posible dela garaipena eskuratzea.

  2. Aurtengoarekin, bederatzi denboraldi egin ditut Orioko traineruarekin. Izatez getariarra naiz ni, baina etxean sentitzen naiz Orion. 

  3. Uste dut, arraunlari guztientzat Kontxako estropada berezia den gisan, zaleentzako ere halaxe dela. Hain zuzen ere, zaleak dira Kontxako Banderaren parte garrantzitsuenetako bat. Uretara sartu eta ateratzerakoan, haien babesa ezinbestekoa izaten da.

Hondarribiko entrenatzailea (Orio)

Mikel Orbañanos: "Ilusioz eta gogo handiz ari naiz Hondarribiko klubean lehiatzen"

  1. Igandean irabazteko helburuarekin goaz Kontxako estropadara.

  2. Urte asko daramatzat Oriotik kanpora; ohituta nago jada. Beraz, ilusioz eta gogoz nago lehian aritzeko Hondarribiko arraun elkartearekin.

  3. Zale gehienontzat Kontxakoa da bandera gustukoena, gehien bizi duguna. Eta, askotan, zaleek transmititzen digute zenbat balio duen Kontxako Banderak.

Urdaibaiko arraunlaria (Azkoitia)

Jon Unanue: "Nire bigarren herri bilakatu da Bermeo, oso maitatua sentitzen naiz han"

  1. Gure kasuan, buruan dugun aukera bakarra irabaztea da. Ez dago balio digun beste emaitzarik. Bandera Bermeora ekarri nahi dugu beste behin.

  2. Hainbeste urte eta gero, Bermeo nire bigarren herri bilakatu da. Oso maitatua sentitzen naiz bertan, eta herri eta talde bereziak dira niretzat.

  3. Kontxako estropadak ez luke zentzurik izango zalerik gabe. Kolore ezberdinetako zalez josita egoteak xarma berezia ematen die Kontxako estropadei. Hortxe dago gakoa. Horregatik, igandean bermeotarren urdina ertz bakoitzean ikustea gustatuko litzaidake.

Hibaikako arraunlaria (Zarautz)

Leire Arrojeria: "Sekulako pribilegioa izaten ari da Hibaikan arraun egitea"

  1. Gure maila eman dugun sentipenarekin geratzera, eta, batez ere, disfrutatzera goaz Donostiara: bai arraun egiten, baita Kontxaren barruan sortzen den giroarekin ere.

  2. Oso eskertuta eta oso pozik nago taldean. Izan ere, sekulako pribilegioa izaten ari da Hibaikan arraun egitea; orain arte izan dudan aukerarik handiena eman didate. Eta, gainera, lagun handia dudan arraunlari zarauztar batekin nago taldean. Sekulako ilusiorekin ari gara bizitzen aurtengo denboraldia. Gure lehena izaten ari da, bai Euskotrenen, bai Kontxan.

  3. Egia esan, sekulako motibazioa ematen du hainbeste zale ikusteak, beste edozein estropadetan ez dugu horrelako jende olaturik izaten, eta zirraragarria da benetan, arraunlari bezala, horrelako bultzada sentitzea.

Igande honetako hitzordua

Iristear da arrauneko egutegian gorriz markatuta dagoen eguna: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia izango da igande honetan Donostiako badian. Lehia bete-betea izango da eskualdeko traineruentzat, bereziki, Orioko bi traineruentzat. Izan ere, lehen jardunaldiko denborak kontuan hartuta, bandera irabazteko aukera garbiak dituzte. Dena den, guztira lau izango dira Kontxan ariko diren eskualdeko traineruak; Orioko emakumezkoen eta gizonezkoen traineruez gain, Getariako gizonezkoena, eta Zumaiako emakumezkoena.

Emakumeek 11:00etan emango diote hasiera estropadari. Lehen txandan ariko dira Hibaika, Hondarribia, Zumaia eta Kaiku, eta ohorezko txandan, berriz, Tolosaldea –aurreneko jardunaldiko irabazlea–, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Orio. Gizonezkoen txanda 12:00etan iritsiko da: Getaria, Ondarroa, Zierbena eta Cabo arituko dira lehen txandan, eta ohorezko txandan lehiatuko dira Orio, Hondarribia, Urdaibai –aurreneko jardunaldiko irabazlea– eta Donostiarra.

Ohi bezala, hedabide honek jarraipen zabala egingo du goizean goizetik, eta bertan aurkitu ahal izango dira Kontxako egun handiari buruzko albisteak, argazki bildumak nahiz bideoak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide