Aritzbatalde pilotalekua goi mailako judo entrenaleku bilakatuta

Jabi Gonzalez Toston 2023ko irailaren 2a

Abendutik aurrera jokatuko dituzten Espainiako txapelketak prestatzeko hiru eguneko topaketa erraldoia antolatu du Euskal Judo Federazioak Zarautzen. Euskal judokak ez ezik, estatuko beste hainbat federaziotakoak eta Frantziakoak ere bertaratu dira.

Espainiako judoka onenak Zarautzen ari dira entrenatzen egunotan; izan ere, Euskal Judo Federazioak antolatuta VIII. Euskadiko Judo Training Camp topaketa ari dira egiten atzodanik Aritzbatalde pilotalekuan. Senior, junior, kadete eta infantil mailetako Euskal selekzioetako prestatzaileen nahiz federazioko teknikarien gidaritzapean goi mailako entrenamenduak ari dira egiten abendutik aurrera jokatuko dituzten Espainiako Txapelketei begira, eta euskal judokak ez ezik, estatuko beste hamar federazioetakoak ere ari dira parte hartzen. Horiez gain, bertaratu ez diren Espainiako beste federazio batzuen parte diren beste bost talde etorri dira; baita Frantziako estatuko lau elkarte ere. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 282 judokak eman dute izena orotara hiru eguneko topaketa honetan parte hartzeko.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, goi mailako doako entrenamenduak dira eskaintzen ari direnak; zeren eta, entrenatzaileen artean nazioartean dominak lortu dituzten kirolariak daude. Nolanahi ere, parte hartzaileen maila bera ere esanguratsua da, asko eta asko Espainiako Txapelketetan dominak lortutakoak baitira. Tartean, Naiara Villasante etxeko judoka. Harekin batera, Judo Klub Lizardiko kide gehiago ere ari dira parte hartzen, noski, baita entrenamenduak zuzentzen ere. Diana Villasante Euskadiko neska kadeteen hautatzaileak eta Alvaro Mendibe mutil juniorrenak, esaterako, biharko azken saioa gidatuko dute elkarrekin.

Mugimenduak biribiltzeko kata saioak

Espainiako Txapelketak prestatzeko entrenamenduak ez ezik, gerriko beltza eta danak lortzeko katak lantzeko saioak ere ari dira egiten. Katak judoko mugimenduen teknika eta estetika zuzenaren ariketak dira, ez borrokak, eta gaur eguerdian, esaterako, gerriko beltza lortzeko egin beharreko Katarako eskolak eman dituzte. Horregatik, egun gerriko marroia duten gazteak izan dira nagusi parte hartzaileen artean.

Bada, irakasle ezin hobeak izan dituzte, katetako munduko txapeldunak diren Glatenferd Escobar eta Miguel Bermúdez aritu baitira eskolak ematen. Haiekin batera, Europako txapelduna diren eta birritan Espainiako titulua lortu duten Tolosako judo taldeko Unai Saralegi eta Unai Regillaga ere aritu dira.

Bazkaltzeko etenaldiaren ostean, arratsaldean bigarren kata saioa egingo dute 16:30etik 18:00etara eta entrenamenduekin jarraituko dute, ondoren: 18:00etatik 20:00etara. Bihar emango diote amaiera topaketari 10:00etatik 12:00etara egingo duten azken entrenamenduarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide