Euskadiko Judo Federazioak antolatuta, Aritzbatalde frontoiak VIII. Euskadiko Judo Training Camp ekitaldia hartuko du gaur arratsaldetik igande eguerdia bitartean. Hori horrela, estatu osoko judoken topaleku izango da Zarautz asteburuan eta 250etik gora izango dira etorriko direnak; izan ere, maila guztietan federatutako kirolariek hartuko dute: seniorrak, juniorrak, kadeteak eta infantilak, alegia.
Hiru eguneko topaketan lau entrenamendu saio egingo dituzte orotara: 18:00etatik 20:00etara gaur eta bihar eta 10:00etatik 12:00etara bihar eta etzi. Horrez gain, Judoko Katak ere egingo dituzte bihar: 12:00etatik 13:30era bat eta 16:30etik 18:00etara beste bat.
Euskal federazioko teknikariak arduratuko dira entrenamenduak zuzentzeaz. Bada, lan horretan arituko direnen artean dira Ohiana Blanco, 2009an 48 kilo azpiko kategorian munduko txapeldunorde izan zen eta Londresko 2012ko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen judoka oriotarra, eta Diana Lopez Judo Klub Lizardiko entrenatzailea.