Ezustekoa ematetik urrun geratu da Zarautz Kontxako sailkatze proban

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 31a, 19:30

ZAEko arraunlariak gaurko Kontxako sailkatze estropada jokatu ondoren. (ZAE)

Bandera lehiatu ahal izateko zazpigarren eta azken txartela lortzetik 53 segundora geratu dira. Nolanahi ere, lau traineru utzi dituzte atzetik ZAEko gizonek hogeigarren postuan amaituta.

Esperotakoa bete da Kontxako bandera lehiatzeko sailkatze proba jokatu duten eskualdeko gizonezkoen traineruen artean eta Oriok eta Getariak lortu dute sailkapena. Hirugarren denbora onena lortu du Oriok eta seigarrena esperantzak.

Estropada jokatu duten KAE1 ligako Zumaiak eta Zarautzen, aldiz, ezin izan dute ez ustekoa eman eta azken txartela banatu duen zazpigarren postutik urrun geratu dira: 40 segundora hemezortzigarren postuan Telmo Deun eta 53ra hogeigarren postuan Enbata. Sei eta lau traineru soilik utzi dituzte atzean.

Gaurkoan atzo baino baldintza hobeak izan dituzte traineruek arraunerako, baina azkarrena izan den Zierbenak alde handiak atera dizkie aurkariei, hala eta guztiz ere: Hamabosna segundo bigarren eta hirugarren izan diren Hondarribi eta Oriori eta hogei gaurkoan laugarrena izan den bandera irabazteko faborito nagusiari, Urdaibari –Eusko Label ligako liderra eta Kontxako banderaren azken edizioko garailea–. Bosgarrena Cabo izan da Zierbenarengandik 31 segundora, seigarrena Getaria, esan bezala, 33ra eta Ondarroa izan da ez ustekoa eman eta azken txartela lortu duena 36 segundora. Bi segundo eskas atera dizkio kanpoan geratu den Lekittarrari.

Zarautzek egindako estropadari lotuta, lan zaila zuen gaurkoan Enbata; izan ere, lehenengoa izan da abiatzen, eta, ondorioz, beti izan da lehenengoa erreferentziak markatzen aurkarienak izan gabe. Edonola ere, atzetik lau traineru uztea lortu du: Deustu, Busturialdea, Hibaika eta Mutriku, hain zuzen ere.

Estropada amaitu eta minutu gutxira egin dute igandeko lehenengo jardunaldiko txanden zozketa eta sailkapena lortu duten eskualdeko bi ontziak banatuta arituko dira. Orio lehenengo txandan Eusko Label ligako indartsuenetakoak diren Donostiarrarekin, Hondarribiarekin eta Zierbenarekin batera. Getariak, bestalde, Urdaibai, Ondarroa eta Cabo izango ditu aurkari bigarren txandan. Kaleen zozketa igandean bertan egingo dute 09:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide