Santa Klara komentuaren etorkizuna erabakitzeko Zarauzko udalak abuztuaren 4an abiatu zuen parte hartze prozesu irekiaren lehenengo fasea gaur amaituko da. Hori horrela, herritarrek gaur arratsaldean izango dute azken aukera komentuko ate irekietan parte hartzeko, 18:00etatik 21:00etara.
Halaber, proposamenak egiteko ahalbidetu duten online galdetegia ere gaur itxiko dute. Oraindik bete ez duten herritarrek, lotura honetan egin dezakete.
Parte hartze prozesua aurkezterakoan udalak zehaztu zuenez, kultur eragileekin bilerak egitea izango da hurrengo urratsa haien proposamenak lehen eskutik jasotzeko. Iraila baliatuko dute horretarako. Ondoren, irailaren 27an, bilera irekia egingo dute herritarrek, eragileek eta ordezkari politikoek, "abuztuan eta irailean jasotako ekarpen, ideia eta amets guztiak mahai gainean jarri eta lehentasunak zehazteko".