Arraun egiteko baldintza gogorrak bezain zailak izan dituzte hemezortzi traineru parte hartzaileek, gaur arratsaldean, Donostiako Estropadetako sailkatze proban. Zazpi txartel zeuden jokoan –zortzigarrena Donostiarrak ziurtatuta du–, eta eskualdeko hiru ordezkarien artean, Oriok eta Zumaiak lortu dute; Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika eta Kaikurekin batera lehiatuko dira hurrengo bi igandeetan.
Zarautzek, Zumaiak bezala, ezustea eman nahi izan du; are gehiago, ligako azken jardunaldietan estropadak irabazi dituela kontuan izanda. Tamalez, ez da horrela izan, baina ez da urruti geratu: hamargarren bukatu du, lan txukuna eginez, Kaiku zazpigarren sailkatuarengandik 26 segundora.
Faboritoak aurrera
Itsaso zikina eta haize zakarra izanagatik ere, faboritoek ez dute hutsik egin gaurkoan, batik bat Euskotren Ligako ohorezko txandako hiru ontziak inolako arazorik gabe sailkatu direlako. Oriok egin du erlojupeko denborarik onena (12:23:24) , nahiz eta poparean ontziaren norabidea galdu duen Nadeth Agirrek eta Aquarium aldera joan zaion une batez. Hala ere, 8 segundoko aldea atera dio bigarren izan den Arraun Lagunaki eta 13 segundo hirugarren bukatu duen Tolosaldeari.
Erakustaldia Zumaiak eman du, Kontxarako sailkatu baita laugarren tokian helmugaratuta; bi ontzi ere aurreratu ditu estropadan zehar, lehenik Cesantes eta gero Mugardos. Gainera, Euskotren ligako play-off kanporaketa jokatuko duten beste bi ontziek ere lortu dute txartela lortzea: Hibaikak eta Kaikuk. Zazpikoa Hondarribik osatu du.
Sailkatze estropada jokatu eta erabaki bezain pronto, lehen igandeko txanden eta kaleen zozketa egin dute Donostiako Udalean. Oriok eta Zumaiak elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak lehen txandan, Kaiku eta Hibaikarekin batera. Gainerako lau traineruak bigarrenean ariko dira: Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia.