Ate joka da iraila, eta horrekin batera, traineru denboraldiko arraun hitzordurik garrantzitsuenak: Donostiako estropadak. Ohiturari jarraituz, gaur eta bihar jokatuko dituzte Kontxako Banderako sailkapen estropadak, eta eskualdeko taldeak bertan izango dira. Batzuek arraunaren festaz gozatzea eta denboraldia borobiltzeko ahalik eta lanik txukunena egitea izango dute helburu, eta besteek, berriz, datozen bi igandeetarako txartela lortzea. Dena dela, horretarako egunotan jokatuko diren erlojuaren aurkako probetan zazpi azkarrenen artean sailkatu beharko dute traineruek.
Gaur, 18:00etan ekingo diote emakumezkoen sailkatze estropadari, eta hemezortzi talde aterako dira uretara. Gizonek, berriz, bihar izango dute hitzordua, ordu berean. Hala, txartela lortzen dutenek irailaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte estropadak, igandearekin. Emakumeen lehia 11:00etan hasiko da, eta gizonezkoena 12:00etan.
Zarautz Arraun Elkartea "lan ona egiteko asmoz" joango da sailkapen estropadetara. Jon Artola elkarteko presidenteak azaldu duenez, emakumeen taldeak "guztia du irabazteko"; galtzeko, beraz, batere ez. "Azken estropadetan bezala arraunean egiten badute, sailkatzeko aukerak dituztela uste dugu. Erlojupeko estropadetan ondo moldatzen dira, gainera".
Gizonentzat, berriz, festa eguna izango dela nabarmendu du Artolak. "Arraunlari guztien ametsa da estropada hori jokatzea. Ahalik eta lanik txukunena egitea, uretan gozatzea eta denboraldi polit honi itxiera on bat ematea izango da asmoa".