Manex Otaegi: "Etxeko estropada jokatu aurretik urduri geunden"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 21a, 15:23

ZAEko gizonen taldeko arraunlariak Deustuko estropada bukatuta. (ZAE)

KAE1 ligako azken jardunaldiak jokatu dituzte asteburuan, Zarautzen eta Deustun, eta ZAEko gizonen taldeko arraunlariak "gustura" daude egindako lanarekin, seigarren postuan amaitu baitute liga.

ZAEko arraunlari Manex Otaegik asteburuko arraun hitzorduen balorazioa egin du, igandeko estropadarekin amaiera eman baitiote KAE1 ligari, seigarren postuan sailkatuta. Zarautz Gesalaga Okelan gizonen traineruak larunbatean estropada jokatu zuen etxean bertan eta Otaegik aitortu du etxeko estropada jokatu aurretik "urduri" zeudela. "Bezperan gaixorik jarri zen arraunlari bat eta ondorioz entrenatzaileak aldaketa batzuk egin zituen taldean. Hala, estropadaren hasieran segurtasun faltarekin atera ginen uretara eta lehenengo luze eta erdian ez genuen lortu gure arraunketa hartzea. Hala ere, zazpi-zortzigarren minututik aurrera konfiantza handiagoarekin arraunean hasi ginen eta bigarren erdian oso gustura jardun ginen". ZAEko mutilek ez zuten lortu Zumaiari aurre hartzerik etxean, bai ordea Camargo beren "aurkari zuzenari". Hortaz, igandeko Deustuko estropadara puntuetan berdinduta iritsi ziren bi taldeak. "Bizkaian lau luzeak oso onak egin genituen, arraunketa luze eta sendoarekin". Bosgarren sailkatu zen Enbata Deustun, eta sailkapen orokorrean seigarren postuan amaitu dute liga. Hala, taldearentzat "emaitza positiboa" dela aitortu du Otaegik eta "gustura" daude ligan egindako lanarekin

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide