Zarauzko arraun festak ez du etenik

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 20a, 19:30

ZAEko arraunlariak Bilbon lortutako garaipena ospatzen. (ZAE)

ETE ligako traineruak bandera irabazi du Bilbon eta KAE1 ligakoak Camargoren aurretik amaitu du liga.

Zarauzko estropadak amaitu diren arren, arraun kontuek oso presente jarraitzen dute herrian, nahiz eta, azken albisteak Bilbo aldetik etorri. ZAE Zarautz Arraun Elkarteko ETE ligako traineruak denboraldiko hirugarren bandera eskuratu du gaur arratsaldean eta 21:00etan harrera egingo diete Lege Zaharren enparantzan. KAE1 ligako traineruak, berriz, Camargoren aurretik sailkatzea lortu du eta seigarren amaitu du liga.

Aurreko bi garaipenak bezalaxe, ur lasaietan lortu dute gaurkoa ZAEko emakumeek, Bilboko Nerbioi ibaian jokatutako erlojupekoan. Denboraldi osoa sailkapenaren buruan daramaten Kaiku eta Telmo Deun baino azkarragoak izan dira. Bederatzi segundo atera dizkiote lehenengoari eta bi baino ez bigarrenari.

Gizonezkoen traineruak ere lehia estua izan du Zumaiakoarekin. Segundo bkarreko aldea atera dio eta onena izan da erdiko txandako ontzien artean. Ohorezko txandan aritzen direnen deborak ezin izan ditu hobetu, ordea, eta, ondorioz, bosgarren sailkatu da gaurko estropadan. Edonola ere, lortu du gaurko helburua betetzea Camargoren aurretik sailkatzea liga seigarren postuan amaitzeko. Liga gaurko estropadan gailendu den San Pedrok irabazi du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide