Urdaibai jaun eta jabe izan da Zarauzko arraun asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 20a, 15:25

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroi zarauztarra Zarauzko Ikurrina astintzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Bermeotarrek bi estropadak irabazita eraman dute Eusko Label ligako Zarauzko Ikurrina eta 32 segundoko aldea atera diote bigarrenari. Euskotren ligan, Donostia Arraun Lagunakek irabazi du Zarauzko Ikurrina atzo lortutako errentari esker. Banderaz gain ligako garaipena ere ospatu dute.

Bermeo Urdaibaik eta Donostia Arraun Lagunakek astindu dute Zarauzko Ikurrina atzoko eta gaurko estropadak batuta ontzi azkarrenak izan ondoren. Bizkaitarrek, gainera, bi estropadak irabazi dituzte eta alde handiarekin izan dira asteburuko onenak. Arraunek, aldiz, estutu egin behar izan du atzo lortutako errenta defendatzeko; izan ere, gaurko estropadan Donostiarra izan da azkarrena.

Eusko Label ligako gaurko estropadari erreparatuta, Urdaibaik atzokoa errepikatu eta triskantza egin du ohorezko txandan. Hamazazpi segundo atera dizkio Donostiarrari, hemeretzi Hondarribiari eta 35 Oriori. Azken honek, ez du atzoko arraunketarik erakutsi gaurkoan eta zortzigarren sailkatu da estropadan. Dena den, asteburuko sailkapenean bosgarren postua lortu du. 

Erdiko txandan aritu den Zierbena izan da gaur Urdaibairekin lehiatzeko gai izan den bakarra, nahiz eta, Bermeoko ontziak sei segundo atera dizkion, azkenean. Nolanahi ere, gaurko estropadan egindako lan onari esker bigarren sailkatu da Zierbena Zarauzko Ikurrinako sailkapenean. Urdaibairengandik 32 segundora, hori bai.

Zierbenaren atzetik Getaria izan da erdiko txandako azkarrena eta bosgarrena gaur. Asteburuko sailkapenean, berriz, seigarren amaitu du.

Euskotren liga Arraunentzat

Euskotren ligan, Donostiarra izan da azkarrena, esan bezala, Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Orioren aurretik. Lau, bederatzi eta hamaika segundo atera dizkie, hurrenez hurren. Oriori gaur ateratako errenta horri esker asteburuko sailkapenean ere aurreratu du eta bigarren postua lortu du Zarauzko Ikurrinan.

Hori ez da izan gaurko sari bakarra Donostiarrarentzat; izan ere, Nerea Perez patroiak ligako patroi onenaren saria irabazi du. Lau puntuko aldea ateratzen ateratzen zion Miren Garmendia Hondarribiko patroiak azken jardunaldiaren faltan eta berdintzea lortu du gaur Perezek.

Liga txapeldunaren garaikurrari dagokionez, ez da sorpresarik izan Arraunek altxa du. Gaurko emaitzarekin Oriorekiko aldea beste bi puntutan handitu du, gainera. Bederatzi atera dizkio, azkenean.

Donostia Arraun Lagunak Euskotren ligako txapeldunaren garaikurrarekin garaipena ospatzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide