Urte berezia ari da izaten 2023a ZAE Zarautz Arraun Elkartearentzat; izan ere, 40 urte bete ditu klubak aurten eta ETE ligako traineruak bere lehenengo bi banderak lortu ditu. Bada, hirugarrenaren bila uretaratuko dira bihar, etxean, zaleen aurrean, 11:15etik aurrera.
Nolanahi ere, Jon Artola klubeko presidenteak dio "presiorik gabe" arituko direla: "Neskei esan diegu ez dutela galtzeko ezer eta gozatzera ateratzeko". Ligako sailkapena ikusita, denboraldi osoa buruan daramaten Kaiku eta Zumaia dira biharko estropada irabazteko faboritoak, baina Artolak dio beraiek ere izango dituztela aukerak eta "zaleen bultzadak azkarxeago joaten" lagunduko diela, gainera.
ZAEko presidenteak zailagoa ikusten du KAE1ko trainerua bandera lehiatzeko moduan izatea, baina "dena emango dute". Txanda irabaztea izango dute helburu: "Beti esaten da bigarren txanda irabazteak baduela bere poza, gustuko itxaronaldia egin behar izaten delako ohorezko txandakoak amaitu bitartean. Aurten bitan tokatu zaigu eta bihar hirugarrenez itxaronaldi hori egitea espero dugu". Gainera, bigarren txanda irabazita Camargoren aurretik amaituko lukete estropada, lorpen garrantzitsua ligako sailkapenari begira, bi puntura baitituzte une honetan, bi estropadaren faltan. Igande arratsaldean amaituko dute liga, hain justu, Bilbon.
Bada, ZAEko arraunlariak jada hasi direla etxekoen berotasuna antzematen. Atzo arratsaldeko entrenamendua biharko estropada eremuan egin zuten moilan uretaratuta. Hori horrela, herritarren lehenengo animo ohiak jaso dituzte jada.