Herriko arraun zaleek beren egutegian gorriz markatutako asteburua da Aste Nagusikoa; izan ere, bi liga nagusietako traineruek Zarauzko Ikurrina izaten dute jokoan. Larunbat arratsaldeko eta igande eguerdiko denborak gehitua azkarrena den traineruak astinduko du eta denboraldia orain arte nola joan den ikusita lehia bermatuta dago. Pena bakarra izango dute herriko arraun zaleek, aurten ere etxeko traineruek ezin izango duela ikurrina preziatu hori lehiatu.
Nolanahi ere, Zarautz Arraun Elkarteko jarraitzaileek izango dute beren talde kutuneko arraunlariak animatzeko aukera; izan ere, KAE1 eta ETE ligetako estropadak ere jokatuko dituzte asteburuan herrian. Azken horiek izango dira, hain justu, asteburuko arraun festa abiatuko dutenak 11:15etik aurrera.
Bada, gaur eguerdian aurkeztu dituzte dute Eusko Label eta Euskotren ligetako Zarauzko Ikurrinak, eta, azkenari lotuta, antolatzaileek gogoratu dute Zarauzko hitzordua erabakigarria izango dela liga erabakitzeko; izan ere, txapelketa erregularreko azken bi estropadak izango dira bertan jokatuko dituztenak. Sailkapena ikusita Arraun Lagunak da garaipena eskuratzeko faborito argiena, baina Oriok lanak zail jarri nahiko dizkio eta matematikek ematen dieten bitartean azken hatsera arte egingo dute liga irabazteko ahalegina.
Euskotren ligako Zarauzko Ikurrinari lotuta, era berean, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak gogoratu du Zarauzko Udala "aitzindari" izan zela emakumezkoen estropaden antolaketan. Hamabosgarrenez antolatuko dute aurten.
Asteburu "garrantzitsua" gizonen sailkapenerako
Gizonezkoen lehiari erreparatuta, bestalde, 46. edizioa izango du, eta ligari begira oraindik erabakigarria izango ez bada ere beste lau estropada faltako direlako, gerta daiteke sailkapenaren aurrealdean diren traineruren batek liga irabazteko aukerei behin betiko agur esatea. Hala nabarmendu du Borja Rodrigo TKE Traineru Kluben Elkarteko presidenteak ere: "Jardunaldien bilakaera ikusita, asteburu hau oso garrantzitsua izango da Eusko Label Ligaren etorkizunerako". Zentzu horretan, ikusi besterik ez dago zeien estu dagoen sailkapenaren burua: hiru traineru daude lau puntuko tartean. Urdaibai da liderra eta hiru puntuko aldea besterik ez dio ateratzen atzetik duen Hondarribiari. Bat gehiago, berriz, hirugarrena den Zierbenari.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, estropada eremua azken urteetako berbera izango da eta KAE1 eta ETE ligako ontziak ere bertan arituko dira. Zehaztu dutenez, eguraldi aurreikuspenak dio itsasoa bare izango dutela traineruek larunbatean nahiz igandean, eta haize handirik ere ez dela espero. Dena den, bero egingo du eta horrek eragina izan dezake arraunlarien jardunean.
Hori horrela, larunbatean 17:25ean ekingo diote lehiari Euskotren ligako traineruek eta 18:15ean Eusko Label ligakoek. Igandeko estropadak, aldiz, 11:20ean eta 12:15ean hasiko dira. Horrez gain, zaleentzako gunea ere jarriko dute Lege Zaharren enparantzan.