ZAE Zarautz Arraun Elkarteak KAE1 ligako hitzordua izan zuen atzo arratsaldean, Castron. Erdiko txandan lehiatu zen Zumaia, Camargo eta Pedreñarekin batera, eta hirugarren helmugaratu zen.
Bere txandako azkarrena izatea eta sailkapen nagusian Camargori aurrea hartzea zen ZAEren asmoa, baina ezin izan zuen helburua bete. Hirugarren helmugaratu zen, eta estropadako seigarren denbora onena lortu zuen ohorezko txandako San Juanen aurretik. Ioritz Zubilaga Enbatako arraunlariak azaldu duenez azken luzean egin die ihes txandako azkarrena izan den Zumaiak: "Estropada parekatua izan da, zeren, lehenengo luzetik batera joan gara lau ontziak, bigarren eta hirugarren ziabogetan Zumaiak guk segundo batzuetako aldea hartu dugu, baina azken luzea zaildu egin zaigu hainbat palada huts egin ditugulako. Haizeagatik, batez ere, baina baita nekegatik ere. Dena den, azken txanpan zertxobait erremontatu dugu eta Pedreñaren aurretik sartzea lortu dugu ehuneneko batzuegatik bada ere. Camargo ere gertu izan dugu, gainera, hiru ontzi sartu gara segundo bakarrean".
Hori horrela, lortutako puntuek ez diete balio izan zarauztarrei sailkapen nagusian Camargori aurrea hartzeko. Are gehiago, puntu bat gehiago ateratzen diete orain kantabriarrek, bosgarrenak izan baitziren atzokoan. Hala, bi puntura dute orain seigarren postua Zarauzko arraunlariek.
ETE ligako trainerua, bestalde, Donostian izan zen atzo arratsaldean. Sailkapenerako punturik banatu ez zuen estropada jokatu zuten, Aste Nagusiko V. Bandera, eta hirugarren helmugaratu zen Zarauzko taldea, Nortidal Donostiarra Ur Kirolak etxeko taldearen eta Telmo Deunen atzetik. "Pozik" agertu da taldeak egindako lanarekin lehenengo estropada izan duen Sara Arregi arraunlaria: "Irteera txukuna egin dugu eta sentsazio onarekin hasi gara, bi ziabogak ere balantza gutxirekin egin ditugu. Aurten izan da nire aurrenengo urtea arraunean, asko gozatu dut taldekideengandik jaso dudan harrera beroarekin, denboraldia beraiekin partekatzea esperientzia ezin hobea izan da".
Larunbat goizean etxean jokatuko duten ligako hurrengo estropadaz ere mintzatu da Arregi: "Gogotsu gaude eta herriko zaleak ere gogoz beteta nabaritzen ditugu. Indartsu goaz".