Zarautz Arraun Elkarteko KAE1 ligako ontziak estropada izango du gaur arratsaldean. Kantabriako uretan arituko da, Castron, hain zuzen ere, 18:00etatik aurrera erdiko txandan. Hori horrela, aurrez arraun egindako ontziek markatutako denbora hobetzea eta, aldi berean, txandako azkarrena izatea izango du helburu ohorezko txandakoei lanak zailtzeko eta ahalik eta postu onena lortzeko.
Denboraldiko azken txanpan sartuta dago KAE1 liga eta gaurko estropadaren ondotik asteburuko azken biak baino ez dira geratuko liga amaitzeko. Bada, Zarautz Arraun Elkarteak azken hiru aukera horiek baliatu nahi ditu Camargori berriro ere sailkapenean aurre hartzeko; izan ere, zazpigarrenak dira orain kantabriarrengandik puntu bakarrera.
Emakumezkoek ere egingo dute arraun gaur arratsaldean, baina estropada ez da puntuagarria izango ETE ligarako. Donostiako Aste Nagusiko V. Bandera lehiatuko dute Urumea Ibaian 16:00etatik aurrera.