Danda gazte asanbladak larunbatean emango dio amaiera bestelako aisialdi eredua bultzatu asmoz udako prestatu duen egitasmoari. Horretarako, Udanda Eguna antolatu dute eta dagoeneko zabaldu dute egitaraua.
Hori horrela, 17:00etan hasita, argazki erakusketa zabalduko dute Frontoi Txikin, eta, ondoren, 19:00etan Artea gazteon aisialdian mahai ingurua egingo dute. Arteari lotutako hiru gazte izango dira hizlariak: argazkilari bat, ilustratzaile bat eta musikari bat. Amaitutakoan, afaria egingo dute Frontoi Txikin bertan eta Hiruputzu gaztetxera joango dira handik 22:00etatik aurrera, kontzertuak izango baitituzte: Baskabiltx eta Kalipotxo taldeek eskainiko dituzte musika emanaldiak eta ondoren Landeramez eta Junelet DJek hartuko diete erreleboa festarekin amaitzeko.
Gogoratu, aurrez, Futbito eta Pala Txapelketa Mistoak, tailerrak eta Tortilla Lehiaketa ere antolatu dituztela Uztaileko eta abuztuko hainbat egunetan.