Udan ere den-dena nahi dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 27a

Hainbat gazte Dandak antolatutako joan den asteko Futbito Txapelketa Mistoan. (Jabi Gonzalez Toston)

Danda gazte asanbladak hainbat jarduera antolatu ditu udako gazteen aisialdi ereduaz hausnartu ondoren. Udanda Egunarekin biribilduko dute egitasmoa.

Bizitza osorako oroitzapenak eta anekdotak utzi ohi dituzte gazte garaiko udako oporraldiek. Ikasturtea amaituta, orduan izaten dute denbora libre gehien gazteek, nahiz eta lehenengo soldatak irabazteko eta lan mundua ezagutzeko ere baliatzen duten sasoi hori. Edonola ere, udako lan horietatik kanpo dituzten orduei zukua ateratzeko izaten dute nahikoa energia.

Bada, gazteen aisialdia ardatz hartuta, orotariko ekitaldiak antolatu ditu Zarauzko Danda gazte asanbladak uztailerako eta abuzturako: hainbat kiroletako txapelketak, tailerrak, kontzertuak... Egitasmoari amaiera borobila emateko, Udanda Eguna ospatuko dute, gainera, abuztuaren 19an, larunbata.

Azken horren harira, antolatzaileetako bat den Hariz Zubeltzuk azaldu du beste urte batzuetan ere antolatu izan dituztela zenbait ekintza, baina jarduera "solteak" izan direla. Aurten, zerbait "bereziagoa" egin nahi izan dute, eta horregatik prestatu dute egitarau zabalagoa eta Udanda deitu duten eguna.

Antolakuntza ardatz

Horren guztiaren sorburua zein den ere azaldu du Zubeltzuk: "Gazteon aisialdi ereduaz egin dugun hausnarketatik abiatuta, parrandaz harago doazen ekintzak antolatu nahi izan ditugu. Kirolarekin loturikoak dira batzuk, eta badira artearekin lotutakoak ere. Era berean, ekintza horiek aurrera eraman ahal izateko gure artean antolatzeak duen garrantzian jarri nahi dugu azpimarra. Azken finean, hori da nagusiki aldarrikatu nahi duguna: gazteon antolakuntza".

Ildo beretik, Aitor Elorriagak dio dituzten "tresnak" –asanblada, gaztetxea eta antolakuntza zerrendatu ditu, besteak beste– baliatuta, "sistemak agindutako aisialdi eredutik kanpo" kokatzen den aisialdi eredu propioa eraikitzea duela helburu Dandaren udako egitarauak.

Joan den astean abiatu zuten egitarau hori Futbito Txapelketa Mistorekin, eta 50 lagun inguru aritu ziren orotara, bospasei neska-mutilez osatutako zortzi taldetan banatuta. Lizardi kirol aretoaren atarian dauden bi kantxetan jokatu zuten txapelketa, eta bertako paretan zintzilikatu zuten pankartak ere argi adierazten ditu gazteen asmoak. Udan-dana nahi degu. Gazte antolatu, asanblada batu! zioen pankartako leloak, lehenago ere askotan erabili duten mezua, Elorriagak azaldu duenez: "Gure izenarekin hitz joko egokia egiten du dan-dana adierak. Gainera, Den-dena nahi dugu izena duen liburua ere badago, eta guztiz bat dator gure pentsamoldearekin. Nanni Balestrinik idatzitakoa da, eta tradizio komunista askotan erabili den kontsigna. Bizitzako esparru guztietan bezalaxe, iruditzen zaigu udako aisialdian ere aplikatu behar dela".

Pankarta hori hurrengo ekitaldietan ere jarriko dute, gaur bertan, hain justu. Hiruputzu gaztetxean dute hitzordua, eta artearekin eta sormenarekin loturiko hainbat tailer egingo dituzte. Gazteak beraiek izango dira irakasleak, gainera, Dandako kideak nahiz inguruko herrietatik etorritakoak; izan ere, "sorkuntza gaitasunak partekatzea eta elkarlana sustatzea da helburua", Elorriagaren esanetan. "Ikasteko espazioa sortzea", azken finean. Edonola ere, pena ere badute tailerrak ordu berean izango direlako, eta, ondorioz, bataren ala bestearen artean aukeratu beharko dutelako interesdunek.

Datozen asteetako jarduerei begira, bestalde, eguna gerturatu ahala kartelak zabalduko dituzte sareetan zer egingo duten zehazteko. Dena den, dagoeneko aurreratu dute datorren asterako, adibidez, Pala Txapelketa Mistoa eta tortilla txapelketa antolatu dituztela Photomuseumeko pilotalekuan.

Udanda Eguna

Ekimenak orain arte izandako erantzunarekin "gustura" daudela dio Zubeltzuk, eta lehenengo egunetik antzeman dutela jendea gogotsu Udanda Egunerako: "Hainbat gazte hurbildu zaizkigu interesa eta laguntzeko prestutasuna adierazteko".

Zubeltzuk aitortu duenez, oraindik ez dute egun handirako egitaraua guztiz itxi, baina eman ditu zertzelada batzuk: "Aurreko ekintzekin lotura izango duen eguna izango da; argazkilaritza tailerrean ikasitakoarekin erakusketa osatu nahi dugu, adibidez. Horrez gain, mahai inguruak izango dira, kontzertuak gauean...".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide