Asteburu honetako ETE ligako jardunaldia gaur jokatu dute, 11:30ean, Pasaian (Gipuzkoa). Beste behin, Kaikuk eraman du bandera etxera, baina Zarautz Gesalaga Okelan gertu-gertu ibili da garaipenaren borrokan, sekulako estropada eginda. Lau segundo besterik ez dizkio kendu Kaikuk Zarautzi, eta bigarren helmugaratu da, Zumaiari aurre hartuta.
Kaikuk 10:53,09 denbora egin du, Zarautzek 10:57,23, eta Zumaiak, berriz, 11:01,55. Zazpi puntu garrantzitsu lortu ditu gaurkoan Zarautzek, sailkapen orokorrean bere hurrena den Deustok baino hiru gehiago. Hala, 55 puntu dituzte orain zarauztarrek, eta 51, bizkaitarrek.
Euskotren ligara igotzeko play-offak ezingo ditu jokatu Zarautzek, dagoeneko puntu alde handiegia dutelako Kaikuk eta Zumaiak sailkapenaren goialdean, baina Kontxarako sailkapenerako indartsu dagoela erakusten ari da taldea, eta argi ibili beharko dute beste biek Kontxan ariko diren zortzi taldeen artean sartzeko.