Hondarribian jokatu zuten estropada atzo arratsaldean Zarautz Gesalaga Okelaneko gizonezkoek, laugarren izan ziren, eta estropada amaitu berritan, Jon Errazkin Berazadi arraunlariak positiboki baloratu zuen taldeak egindako lana: "Aurreko estropadaren ildotik, goranzko joera erakutsi dugu Hondarribian ere. Estropada oso ona egin dugu, irteera bikaina burutu dugu, beste tripulazioei branka erakutsiz". Aurreneko ziabogan beren txandako denbora onena eginda, "abantaila horrekin, izugarrizko buelta egin dugu".
Taldearen lana eta konfiantza goraipatu zuen Errazkinek: "Taldeak oso modu bateratuan arraun egin du, eta oker ez banago, bigarren luze onena egin dugu San Pedroren atzetik. Hirugarren luzeari konfiantzaz ekin diogu, besteekiko abantailarekin eta horrek dakarren lasaitasunarekin".
Batez ere aurreneko hiru luzeak izan ziren dotoreak arraunlariaren esanetan: "Laugarren luzean indarrak gutxitzen joan dira, nekea sumatu dugu, eta besteekiko abantaila gutxitu egin da. Dena den, estropadarekin oso-oso gustura gaude, berriz ere txanda irabazita, gorantz ari garelako".
"Gazi-gozoa"
Maider Perez, berriz, ez da hain gustura gelditu larunbatean Ondarroan (Bizkaia) jokatutako estropadarekin: "Estropada gazi-gozoa izan da. Aurreko asteburuari begira, oraingo emaitza ez da izan espero genuena". Joan den asteburuan, izan ere, bi estropadak irabazi zituzten. "Badakigu itsasoa ez dela geure puntu indartsuena, baina, hala ere, ez dugu uste paper txarra egin dugunik. Bi aste gogor eta indartsu eduki ditugu tarte honetan, non itsasoan erosoago senitzea lortu dugun", azaldu du.
Estropadan sufritu egin dutela kontatu du Perezek, baina dagoeneko hurrengo jardunaldian dute burua: "Estropada gogorra izan da, bai mentalki, bai fisikoki. Nahiz eta emaitza ez izan onena, lanean jarraitzeko gogo askorekin jarraitzen dugu. Burua hotz daukagu, hurrengo estropadari begira dena emateko prest".