Akrobazien biziberritzea

Aritz Mutiozabal - Gipuzkoako Hitza 2023ko uztailaren 22a

Bainulari bat Zarauzko moilako tranpolinetik jauzi ikusgarria egiten, iaz. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Arraun Elkarteak hamar urte daramatza uda sasoian kukaña eta ur jolasak antolatzen, Zarauzko moilako giroa pizteko asmoz. Ostegunean egin zuten bigarren saioa eta Gipuzkoako Hitzan jorratu du gaia Aritz Mutiozabal kazetariak.

Zarauzko hondartza oso toki gustagarria da herritarrentzat, baita bisitarientzat ere. Are gehiago udan, turismoa bor-bor dagoen sasoian. Baina Zarautzek baditu bainurako gune herrikoiago batzuk, eta moila da horietako bat. Herriaren irteeran —Getariaranzko bidean— dagoen portu txiki-txiki bat da, eta txalupa gutxi batzuk izaten dira han. Belaunauldiz belaunaldi, herritarrak errepidetik, tranpolinetik eta Amabirjinaren irudia dagoen koskatik uretara jauzika aritu izan dira, baita kukaña edo nasapuntako jokoan oreka gorde nahian ere. Hain justu, moila biziberritzeko xedez, ZAE Zarauzko Arraun Elkarteak ur jolasak antolatzen ditu udan.

Egun elkarteko batzordean dabilen jendeak 2013ko udaberrian heldu zion klubaren gidaritzari. Zarauzko arraunaren bihotza moilan zegoela ikusten zuten; kluba sortu baino lehenagotik, arraun giroa oso presente zegoen han. "Azken finean, arrantzaleekin osatzen ziren trainerillak aurreko mendearen hasieran; gero, 1950eko hamarkadan, Cachi-Bachi elkarteak eta Zarautz kirol elkarteak erabaki zutenean trainerilla lehiaketak antolatzea, moilatik sartu eta irteten ziren. Bestalde, Zarauzko estropadak antolatu izan diren aldietan moilako batelariak aritu izan dira beti buiak jartzen", gogora ekarri du Zarauzko Arraun Elkarteko kide Gaizka Garmendiak. Urte dezentez moilan ezer egiten ez zela eta, moila biziberritzeko proposamena aurkeztu zuten Zarauzko Udalean, elkarlanean aurrera eramateko xedez, eta hala abiatu zituzten nasapuntakoa eta tranpolin jokoak.

"Gogoan dut Jokin Aranberrik eta Aitor Arregi Naxi-k Goierri aldeko mendiren batean zegoen Iberdrolaren egurrezko zutoin bat ekarri zutela nasapuntakorako", adierazi du Garmendiak. "Hura lixatu eta itsatsi genuen, baita gasolioa eta guzti eman ere, tratamendua egiteko. Enbor hori bera egon da azken hamar urteotan Zarauzko moilan".

Egur zutoin luzea ez da urte osoan egoten moilan, ezta udaldi osoan ere. ZAEk Zarauzko Turismo Bulegoarekin adosten du urtero uda sasoian ur jolasen zenbat saio antolatuko dituen; normalean, lehen saioa baino egun batzuk lehenago jartzen dute, eta azken saioa bukatu eta egun batzuetara gorde. Azken urteetan, hiru saio antolatu ohi dituzte, eta aurten ere hiru egitea zuten asmoa: lehenengo biak egin dituzte jada —uztailaren 6an eta 20an, herenegun—, eta hurrengoa abuztuaren 3an egingo dute. Ohi bezala, itsasgora egokitzen den ostegun arratsaldeetan izaten dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide