Bizkaialdean eta Kantabrian (Espainia) lehiatuko dira asteburu honetan ETE eta KAE1 ligetako traineruak, eta hantxe izango dira Zarautz Gesalaga Okelaneko neska-mutilak ere.
Emakumezkoek jokatuko dute aurrena, bihar 11:00etan dutelako hitzordua Sestaon (Bizkaia). Gizonezkoek, berriz, arratsaldean izango dute hitzordua handik ez oso urrun, 18:30ean Plentzian (Bizkaia).
Igandean, emakumezkoen trainerua soilik uretaratuko da eta Kantabrian (Espainia) egingo du. Astilleron, zehazki. 10:00etan hasiko da igandeko estropada.
Sailkapenaren erdian
Oraingoz, sailkapen nagusiaren erdialdean dira gizonezkoak, zazpigarren, 46 punturekin, eta seigarrenarengandik soilik bi puntura (48 ditu Camargok).
Emakumezkoak ere sailkapenaren erdi-erdian dira, laugarren, 28 punturekin, baina koska bat gorago dute hirugarrena, Deusto, 33 punturekin.