Pedreñako (Kantabria, Espainia) uretan jokatu dute gaur arratsaldean KAE 1 ligako zazpigarren jardunaldia. Marina de Cudeyoko XVIII. Bandera-Dynasol Sari Nagusia izan dute jokoan, eta Arkoterentzat izan da garaipena, sailkapenean lider doan Lapurdiri sei segundoko aldea aterata. Zarautz Gesalaga Okelanek seigarren bukatu du sailkapenean.
Eskualdeko bi ordekariek, Zumaiak eta Zarautzek, bigarren txandan egin dute arraunean, Pedreña etxeko taldearekin eta Camargorekin batera. Beraien multzoan, Zumaiak lehen luzetik hartu du 5 segundoko abantaila, eta Zarautzek tarteari eutsi nahi izan badio ere, ihesten joan zaio estropadak aurrera egin ahala. Azkenean, hirugarren luzerako 11 segundoko aldea atera dizkio, eta gisa horretan helmugaratu dira hurrenez hurren, Zumaia lehen postua eta Zarautz bigarren; Camargo izan da txandako hirugarrena eta Pedreña laugarrena.
Sailkapen orokorrean Zarautzek zazpigarren jarraitzen du, 46 punturekin, baina Camargorekin duen lehia zuzen horretan, puntu bat hazkatu dio gaur; Kantabriako taldea seigarrena da 48 punturekin.
SAILKAPENA
1 | Arkote | 20:53,04 | |
---|---|---|---|
2 | Lapurdi | 20:59,21 | |
3 | Sanpedrotarra | 21:07,29 | |
4 | San Juan | 21:08,18 | |
5 | Zumaiako Telmo Deun | 21:14,83 | |
6 | Zarautz Gesalaga Okelan | 21:25,44 | |
7 | Camargo | 21:33,22 | |
8 | Hondarribia | 21:41,77 | |
9 | Deusto | 21:45,65 | |
10 | Busturialdea | 21:50,51 | |
11 | Pedreña | 21:52,29 | |
12 | Castro | 22:43,88 |