"Bi ontziok amaitu genuen paretsu, ez genekien gu ala beraiek, zein ziren aurretik"

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 10a, 18:00

ZAEko arraunlariak, atzo goizean, Zumaian uretaratzeko unean. (Onintza Lete Arrieta)

Aitor Elizondo, Irati Maiz eta Irati Zubeldia arraunlariek atzo Zumaian jokatutako estropaden balorazioa egin diote ZARAUZKO HITZAri. Joko eremua zaila izan arren, pozik dira emaitzekin.

Ohi bezala, Zarautz Gesalaga Okelaneko arraunlariek asteburuko estropaden balorazioa eskaini diote ZARAUZKO HITZAri. KAE1 ligan seigarren jardunaldia Zumaian jokatu zen atzo, igandea, eta Aitor Elizondo arraunlariak adierazi du "emaitza ona" izan dutela, "orain arteko emaitzak ikusita". Bosgarren sailkatu ziren, Zumaiatik sei segundora.

Itsasoa "nahikoa zikina" zegoela esan du, eta "itsas olatuez gain, haize olatua ere" izan zutela "norabide desberdinean", eta horrek "egoera konplikatu" zuela bai joanekoan, bai itzulerakoan. Estropada osoa zumaiarren atzetik egin zutela azaldu du: "Irteeratikan atzean gelditu ginen, eta ziabogan aldea hainbestekoa ez zen arren, barrutik momentu batean ikusi genuen Zumaia bazihoala. Bigarren luzean, erdialdera lortu genuen pixka bat gerturatzea, eta estropada gehiena horrela egin genuen".

Kanporako hirugarren luzean "asko sufritu" zutela gaineratu du Elizondok, eta azken luzean Camargo garaitzera joan zirela, "Zumaia urruti samar zegoen eta". Denak emanda helmugaratu zirela azpimarratu du: "Bi ontziok amaitu genuen paretsu, ez genekien gu ala beraiek, zein ziren aurretik".

Laburbiltzeko, "estropada gogorra" egin dutela iritzi dio. Kontuak kontu, atzokoa atzean utzi, eta hurrengo jardunaldiari begira lanean hasiko direla azpimarratu du; Pedreñan (Kantabria, Espainia) dute hitzordua.

ETE ligako balorazioa

Irati Maiz eta Irati Zubeldiak ere egin dute ETE ligako azken estropadaren balorazioa. Zumaian jokatu zuten emakumeek ere estropada atzo, eta azaldu dute "hasieratik" zekitela ez zela lehia samurra izango, baina pozik dira lortutakoarekin: "Hasieratik bagenekien estropada hori ez zela erraza izango, olatuak denbora guztian aldamenetik jotzen duelako, baina azkenean gure arraunkerari eustea lortu genuen, eta gure emaitzakin gustura geratu ginen". Laugarren sailkatu ziren, izan ere, atzokoan ZAEko neskak.

Maizek eta Zubeldiak uste dute gero eta hobeto ari dela taldea arraunean, eta horrek indarra ematen diela azpimarratu dute: "Liga aurreraka doan heinean pixkanaka hobetzen goaz, eta horrek lanean jarraitzeko indarra eta gogoak ematen dizkigu. Ea hurrengo estropan zer gertatzen den".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide