Emakumeetan Kumiko eta gizonetan Gora Ota Munizipala izan dira aurtengo helduen Txaparrotan txapelketaren talde irabazleak. Asteburu osoan zehar jokatu dituzte partidak Desertu Txikian, eta multzo guztietako bi talde onenek jokatu zituzten atzo arratsaldeko finalak. Emakumeen taldeei dagokienez, Kumiko taldea izan zen garaile, eta Gaztiak Beti Gazte izan zen azpitxapeldun. Gizonenen artean, berriz, Gora Ota Munizipala taldea gailendu zitzaion CSK la ropa taldeari.
Eskubaloi festa izan da asteburu honetan Desertu Txikian ikusitakoa; 120 talde aritu dira lehian, eta horiek 200 partidatatik gora jokatu dituzte hondartzan bi egun horietan, goizean hasi eta iluntzera bitartean. Emakumeetan 32 taldek parte hartu dute, orotara, eta gizonen lehian, berriz, 88 talde izan dira.
(Argazkiak: utzitakoak)