Estropada ona egin dute gaur Zumaian Zarautz Gesalaga Okelaneko bi ontziek. Han jokatu dira gaur eguerdian ETE eta KAE1 ligetarko jardunaldiak, eta sailkapeneko goialdean gelditu dira emakumezkoak zein gizonezkoak.
Laugarren egin dute neskek, eta hirugarren postua esku-eskura izan dute, segundo bat baino gutxiagoko aldearekin helmugaratu baita Deusto. Kaikuk eraman du bandera, gainerakoei aise aurre hartuta.
Sailkapen orokorrean 22 punturekin dira zarauztarrak une honetan, laugarren, baina puntu bakarrera dute bosgarrena den Astillero, eta beraz, datozen estropadak ere garrantzitsuak izango dira Enbatakoentzat goialde horretan mantentzeko.
Gizonezkoei dagokienez, bandera Lapurdirentzat izan da, eta ZAEkoak bosgarren sailkatu dira Camargoren aurretik; zortzi puntu garrantzitsu eskuratu dituzte. Sailkapen nagusian zazpigarrenak dira, 39 punturekin. Hain zuzen, Camargo dute aurrean, seigarren, 42 punturekin.
Oraingoz Sanpedrotarra da lider KAE1 ligan, 63 punturekin, baina puntu kopuru bera du Lapurdik.