ZAE Zarautz Arraun Elkarteak Zumaian izango du asteburuko hitzordua; izan ere, bertan jokatuko dituzte ETE nahiz KAE1 ligetako estropadak. Igande eguerdian izango dira norgehiagokak itsasoan, bi hondartzen arteko itsas eremuan, eta asteburuan jokatuko duten estropada bakarra izango da.
Emakumezkoak lehiatuko dira lehendabizi, 11:30ean hasita, eta Zumaiako 6. Ikurrina izango dute jokoan. Ohorezko txandari eustea izango da zarauztarren helburu nagusia, zeren, une honetan sailkapenean laugarren postuan kokatuta dauden arren, bosgarrenak diren Astillerokoekin berdinduta daude hamazazpina punturekin.
Gizonezkoen estropadak, berriz, 12:15ean hasiko dira eta Zumaiako 38. Ikurrina lehiatuko dute. ZAEkoak erdiko txandan ariko dira eta ahalik eta puntu gehien biltzen ahaleginduko dira. Zazpigarren sailkatutak dira 31 punturekin, eta laura dute seigarrena den Camargo. Atzetik duten Pedreñari, aldiz, hiru puntuko aldea ateratzen diote.