Kale antzerkiaren muinera buelta

Aritz Mutiozabal 2023ko ekainaren 21a

Garazi Lopez de Armentia, 'Gorpuztu' pieza dantzatzen. (Aritz Mutiozabal)

Kalerki Zarauzko kale antzerkiaren eta arte eszenikoen 30. edizioa egingo dute uztailaren 6tik 8ra, herriko hainbat gunetan. Aurten, hamabost ikuskizun eskainiko dituzte guztira. 

Santa Klara komentuaren atarian eta jendaurrean aurkeztu zuten aurtengo Kalerkiren egitaraua joan den ostegun arratsaldean. Ekitaldiari kutsu berezia eman nahi izan zion Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak; batetik,  uztailaren 6tik 8ra egingo den Zarauzko kale antzerkiaren eta arte eszenikoen jaialdiaren 30. edizioa izango delako, eta bestetik, aurten estreinakoz, Santa Klarako lurretan gozatu ahal izango delako emanaldiez.

"Edizio borobila da, eta tokatzen zaigu jaialdia nondik sortu zen gogoratzea. Zarauzko Alproja taldearen ekimenez jaio zen, herritarrengandik, herriko hainbat eragilek bat eginda, eta udalak lekukoa duela hamar urte jaso bazuen ere, kontuan izan behar da haiek izan zutela kale antzerki jaialdi bat Zarautzen kokatzeko eta kale antzerkien mapan txertatzeko aurrera begirako ikuspegi hori. Uste dugu aitortza eta errekonozimendu hori egitea dagokigula, lehenik eta behin", nabarmendu zuen Kultura departamentuko arduradun Agurtzane Aizpuruk.

Kale antzerkiaren muinera itzuli nahi izan dute aurten, eta hiru egunetan hamabost ikuskizun ikusteko parada izango dute herritarrek uda sasoiaren hasieran. "Baina gure funtsa izango da kaleak hartzea, espazioak okupatzea, eta hala, jendeak kaleko artearekin topo egitea. Programa osatzerakoan, hori guztia izan dugu kontuan", zehaztu zuen Aizpuruk. Halaber, publiko guztientzat pentsaturiko jaialdia dela gaineratu zuen Irune Urbieta Kultura zinegotziak: "Haur, nerabe, gazte zein helduok gozatzeko moduko ikuskizunak ikusteko aukera izango dugu Zarauzko hainbat gunetan". Santa Klarako atariaz gain, Antoniano ikastetxeko frontoia da aurten erabiliko duten beste gune berrietako bat. Gainerakoan, ohiko txokoetan izango dira ikusgai kale ikuskizunak: Villa Manuelako frontoian, Munoa plazan, Frontoi Txikin eta Musika plazan.

Ohi bezala, era guztietako ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Kalerkiren egitarauaren barruan: antzerkia, ikuskizun ibiltariak, zirkua, dantza, keinu antzerkia... Euskal Herriko taldeak nahiz atzerriko konpainiak gonbidatu dituzte jaialdira. Aurten, gainera, kale antzerki jaialdiek sarean lan egiteari ekin diote, eta elkarlan horren emaitza aurtengo edizioan izango da ikusgai: bata, Portugalgo Pia taldearen Oxygen ikuskizuna, eta bestea, Piszifaktoriaren Asfaltoaren azpian, euria.

Hautagaiak eta heroiak

Antolatzaileek Trapu Zaharrak taldeko eta Kamikaz Kolektiboko kideak izan zituzten bidelagun aurkezpen ekitaldian. Biak ala biak jaialdian izango dira beren proposamen eszenikoak aurkezten. Trapu Zaharrak klasiko bat da Kalerkin, eta duela bi urte ekoitzitako Mesede bat egitearren antzezlana eskainiko du, hilaren 8an, Antonianon. Krisi bat izango duen hautagai politiko batekin ekingo diote obrari, Lierni Fresnedok kontatu zuenez.

Egun bat lehenago, eta Santa Klarako atarian, Kamikaz Kolektiboak Troia lana estreinatuko du. Iraia Elias zarauztarrak eta Erika Olaizola azpeitiarrak adierazi zuten oso pozik daudela obra Kalerkin aurkeztu ahal izango dutelako: "Ohore handi bat da". Eliasek umore finez azaldu zuen lehen aldiz kaleak hartuko dituztela: "Salto egin nahi izan dugu antzokiko ilunetik kaleko argitasun eta zaratetara". Monika, Azeri Buztan eta Pakiles superheroi hirukoa Zarauzko herria salbatzera etorriko direla iragarri zuen Olaizolak, "objektu misteriotsu eta arriskutsu bat azalduko delako".

Aurkezpen ekitaldiari ginga jartzeko, Garazi Etxaburu dantzari ondarroarrak (Bizkaia) Gorpuztu pieza dantzatu zuen, bertaratu zirenen gozagarri.

Erlazionatuak

Kalerkiren 30. edizioa aurkeztu dute Santa Klaran

Gorka Eizagirre-Usua Garin 2023 eka 17 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide