Pasai San Pedroko uretan lehiatu dira gaurkoan Zarautz Gesalaga Okelango arraunlariak. Emakumezkoek Hernaniko Bandera izan dute jokoan eta gizonezkoek, berriz, Kepa Deun Arrantzaleen Kofradiako Ikurriña. Nolabait esateko, txaponaren bi aurpegiak erakutsi ditu talde batak zein besteak, baina denboraldi hasiera da eta oraindik neurria hartzen ari dira.
Atzoko erlojupekoan ez zen eroso aritu Zarautz, ETE ligako estreinakoan, baina gaur erakustaldi ederra eman du, eta lehen txandan aise nagusitu da (11:46,75), Ondarroa, Hernani eta Portugalete atzean utzita, hurrenez hurren. Hori gutxi balitz, ohorezko txandan burua sartzea lortu du, Astillerok baino denbora hobe lortuz (11:48,21), eta laugarren sailkatuz. Bandera Kaikurentzat izan da.
KAE 1 ligan, atzoko dinamika errepikatu dute Asier Puertasen mutilek, baina gaurkoan saria apalagoa izan da. Hain justu ere, bigarren txanda egin dute arraunean –Zumaia, Pedreña eta Arkoterekin–, eta beste behin laugarren sailkatu dira. Kontua da gaurkoan ez dela izan txandarik azkarrena: ohorezko txandakoak bizkorrago aritu direla, Zumaia salbu; 20:42,81koarekin bigarren bukatu dute zumaiarrek, bigarren egunez Sanpedrotarrak nagusi izan diren estropadan. Gauzak horrela, Zarautzek zortzigarren sailkatu da gaur.