Negu luzearen ondotik, lehenbiziko lehia eguna izan dute Zarauzko arraunlariek gaur, larunbata, Donibane Lohizune-Ziburuko estropadan. ETE ligako lehiari eman diete hasiera lehendabizi, erlojupeko proban, eta emakumezkoen traineruak 11 minutu eta 50 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, bosgarren postuan sailkatuz.
Ondarroak denbora bera erregistratu du, baina ehunekoak gorabehera atzetik geratu da, seigarren kokalekuan. Estropada, berriz, Zumaiak irabazi du 11:20,54 denbora eginez, gaurkoan aise egin duela arraunean.
Jarraian jokatu dute KAE 1 ligako estropada. Gizonezkoak 21 minutu eta 27 segundotan amaitu dituzte lanak, eta horrenbestez, bosgarren sailkatu dira. Lehen txandan lehiatu dira Camargo, Sanpedrotarra eta San Juanekin, eta uneoro atzetik joan dira estropadan. Laugarren bukatu badute ere, denbora azkarrak izan dira, eta soilik bigarren txandan aritu den Lapurdik sartu du muturra aipatu multzoan.
Azkenean, San Juanentzat izan da bandera, baina Zarautzek sailkapeneko erdialdetik gora egoteko bere aurkezpena egin du gaurkoan, eta lehia polita aurreikusten da denboraldirako. Hurrengo estropada bihar egurdian jokatuko dute gizonezkoek zein emakumezkoek Pasai San Pedron.
Ikusi hemen ETE ligako denborak eta emaitzak; hemen KAE 1 mailakoak.