Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, larunbat honetan egingo dituzte kargu hartzeak udaletxeetan, eta Zarautzen EAJren alkategaiari –Xabier Txurrukari– emango dio botoa PSE-EEk. Hala baieztatu dio gaur goizean Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusi Jose Ignacio Asensiok.
Esan du akordioa itxita dutela bi alderdiek, eta ez duela ezustekorik espero larunbateko kargu hartzeetan. "Gu lehen indarra garen herrietan EAJk gu bozkatuko gaitu, eta alderantziz", esan du. Hala, Gipuzkoan PSE-EEk aginduko luke Irunen, Eibarren, Lasarten, Zumarragan eta Larraulen. EAJk, berriz, Donostian, Urnietan eta Zarautzen, besteak beste.
Duela lau urte ere Zarauzko PSE-EEren bi hautetsien botoak jaso zituen EAJk, eta Zarauzko udal gobernua bi alderdi horiek osatu dute agintaldi osoan zehar. Oraingoan ere koalizio gobernuak osatzearen alde hitz egin du Asensiok, baina onartu du arlo horretan hizketan jarraitzen dutela bi alderdiek. "Gure asmoa da toki guztietan koalizio gobernuak osatzea, eta EAJk ere gauza bera adierazi izan du, baina oraindik itxi gabe dago hori. Guk argi dugu udalen egonkortasunarentzat eta kudeaketa ona bermatzeko hobe dela koalizioan aritzea".
Hedabide hau jarri da harremanetan Zarauzko Udaleko PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezekin, baina hark ez du adierazpenik egin nahi izan.
Kargu hartze ekitaldia, larunbat goizean
Larunbatean 09:00etan egingo dute kargu hartze ekitaldia Zarauzko udaletxeko udalbatzar aretoan. EAJk hamar zinegotzi eskuratu zituen hautetsontzietan, EH Bilduk bederatzi, eta PSE-EEk, berriz, bi. Hala, alkatetza Xabier Txurrukak (EAJ) edo Itziar Muruak (EH Bildu) eskuratzea PSE-EEren esku gelditu da.