Udal eta foru hauteskundeak 2023

Zarauztarrak hasi dira botoa ematen

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 28a, 12:10

09:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak, eta hainbat izan dira orduz geroztik botoa ematera joan diren herritarrak. Orotara, 18.794 herritar daude botoa ematera deituta Zarautzen. Alkategaiek ere eman dute jada euren botoa.

Udal eta foru hauteskundeak dira gaur, igandea, eta herritarrak goizean goizetik hasi dira botoa ematen Zarauzko hainbat udal eraikinetan atondu dituzten hauteslekuetan. 09:00etan zabaldu dituzte mahaiak, eta hainbat izan dira orduz geroztik botoa ematera joan diren zarauztarrak; guztira, 18.794 herritar daude botoa ematera deituta hauteskunde hauetan, eta 20:00etara arte izango dute horretarako aukera.

Batzuek oso garbi eraman dute botoa prestatuta etxetik, eta beste batzuek, berriz, hauteslekuetan hartu dute papera eta gutuna. Zenbaitzuk zein botoa eman behar zuten mahaiz ere nahastu dira, ohi bezala, baina eguerdi partea bitartean, dena soseguz eta lasaitasunez doa jardunaldia.

Alkategaiek ere bozkatu dute. EAJren alkategai Xabier Txurruka izan da goiztiarrena; 10:00etan eman du botoa Imanol Urbieta Musika Eskolan. Ordubete geroago, 11:00etan, EH Bilduko hautagai Itziar Muruaren txanda izan da; koalizio abertzaleko alkategaiak Ludotxo ludotekan eman du bere boza. Azkenik, PSE-EEren zerrendaburu Gloria Vazquezek 11:30ean bozkatu du, Orokieta Herri Eskolako frontoian. Guztiei ageri izan zaie urduritasun puntu bat, baina lanak ongi eginaren lasaitasuna dutela adierazi dute. Orain, herritarrek esku geratzen da datorren agintaldiko makila noren esku utzi.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide